argia.eus
INPRIMATU
Koldo Otamendi. Musika Zuzenean-ek 15 urte
“Zuzeneko musikaz gozatzeko edozein egun da ona”
  • Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna, hamabost egunez segidan hamabost kontzertu antolatu ditu Musika Zuzenean proiektuak, 15 urte betetzen dituztelako. Areto txiki, taberna eta espazio autogestionatuetan izango dira. Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ezpalak eta Kaskezur ageri dira afixan. Egitaraua ikusgai, albistearen amaieran.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urriaren 02a
Koldo Otamendi Musika Zuzenean

15 urte beteko ditu Musika Zuzenean proiektuak hil honetan. Ezaguna da webgunean eskaintzen duen kontzertuen agenda osoarengatik, bilaketa eta bilduma lan handia egiten baitu Euskal Herriko mapan, eta ezaguna da, baita ere, Hamaika Telebistarekin elkarlanean egiten duen telebista-saioarengatik. Larunbatero, ordu erdiko saio bat gidatzen du Musika Zuzenean-eko Koldo Otamendik.

15 urte bete dituztenaren aitzakian, hamabost eguneko eta hamabost kontzertuko bira antolatu dute. Igande honetan hasiko da, urriaren 5ean, eta 19an amaituko. Abadiñon hasi, eta Gasteiz, Oñati, Maule, Ondarroa, Bera, Baigorri eta besteak beste Baiona zapalduta, Andoainen amaituko dute. Igandetik igandera, bi aste osoz.

"Zuzeneko musikaz gozatzeko edozein egun da ona", adierazi dio Koldo Otamendik ARGIAri, kontzertuak asteko egun guztietan izango direlako. "Gure birara etorriko den jendea %100ean izango da musika zalea, musikak erakarriko ditu, egunerokotasunean hor dago-eta musika zalea den jendea".

Espazioak mimoz hautatu dituzte, ez edonola. Hamabost sartu dira biran, "baina izan zitezkeen mordo bat gehiago". Leku autogestionatu, areto txiki, taberna eta musika elkarteen txokoetan antolatuko dituzte guztira hamabost kontzertu. Hauexek dira: Abadiñoko Amaraun arte fabrika, Baigorriko Bixentainea, Mauleko Zinka Bizirik eta Gernikako Iparragirre Rock elkarteak, Iruñeko Laba, Gasteizko IAK kulturgunea, Ondarroako Portuko Ranpi, lau ostatu edo taberna –Gasteizko Parral, Berako Kataku, Arrasateko Irati eta Baionako Epaiska– eta lau gaztetxe –Donostiako Antiguako Txantxarreka, Getariakoa, Oñatikoa eta Andoaingoa–. 

"Gure birara etorriko den jendea %100ean izango da musika zalea, musikak erakarriko ditu, egunerokotasunean hor dago-eta musika zalea den jendea"

Musika Zuzenean-en ildoekin bat datoz espazio eta proiektu horiek. Horregatik hautatu dituzte, eta elkarlanean, tokiko eragileekin batera antolatuko dituzte emanaldiak. Leku txikiak dira denak ere; handiena, Otamendiren esanetan, bere herriko Andoaingo Gaztetxea izango da. Gainontzekoek, oro har, 30, 40 edota 50 pertsonako edukiera dute. 

Bi txandatan iragarri dute kartela: lehenik, duela astebete, espazioen eta egunen berri eman zuten, asmoen berri eman eta bereziki lekuei garrantzia emateko; eta ondoren, urriaren 1ean, hutsuneak bete eta, taldeak iragarrita, afixa osoa desestali dute.

Musikaren sustraia, eremu txikietan

Bada motiborik areto edo espazio txikietan bira hau antolatzeko: Musika Zuzenean-en filosofia da. "Musikaren sustraia hor dago", dio Otamendik. "Errazagoa da kontzertu handietara begiratzea eta norbere herriko leku txikiaz ahaztea, baina uste dut leku txikiak bizi direlako existitzen direla handiak".

Batak bestea jaten ote duen galdetuta, ezezko argia eman du Otamendik. "Kontzertu handiena ez da benetako musika eszena", adierazi du, eta alta, areto txiki, gaztetxe, taberna eta musika elkarteetako ekimenak goraipatu ditu. "Kontzertu handietara joaten dena, horra joan delako, ez da joango herriko gaztetxeko emanaldi batera, edo taberna bateko kontzertura". 

Euskal Herrian musika ziklo mordoa daudela azpimarratu du Otamendik, baita aste tartean funtzionatzen dutenak ere, hala nola Kultur Ostegunak Arrasaten, eta Parral taberna Gasteizen, zeina asteartero kontzertuak antolatzen ari den azken 30 urteetan. Azken garaian, gainera, musika kolektiboak batu zaizkie: Iruñerriko Egun Motelak, Bilboko Soinu Krudelak eta AfterPost, Zuiako (Araba) Hil da Laboa...

Agenda eta telebista-saioa

Musika Zuzenean-en balioak zabaltzeko hiru adar dituzte: webguneko agenda, telebista-saioa eta Durangoko Azokako postua. 

Agendak, izenak dioen eran, funtzio argia betetzen du. Baina bistan denez, egunkarietako ohiko agendatik bereizten da; emanaldi txikiak ere ageri dira, eta emanaldi guztiek dute espazio berdina. Hala dio Otamendik: "Berdin du Fermin Muguruzak kontzertua duela Navarra Arenan, edo ez dakit zer talde txikik astegun batez kontzertua duela halako gaztetxean". Oreka bilatzea da proiektuaren helburua, "menua jarri eta norberak aukera dezala". Bozgorailu funtzioa betetzen dute. 

"Berdin du Fermin Muguruzak kontzertua duela Navarra Arenan, edo ez dakit zer talde txikik astegun batez kontzertua duela halako gaztetxean; guztiek dute leku berdina gure agendan"

Hamaika Telebistarekin elkarlanean, bestalde, dagoeneko 300 saio baino gehiago argitaratu dituzte. Otamendik berak aurkeztuta, astero bi elkarrizketa egiten ditu normalean: diskoa kaleratu berri duen musika talde batekin egoten da lehenik, eta beste musikari batekin gero, bakarka. Helburua "argazkia" egitea da; Euskal Herrian badira talde handiak eta txikiak, eta denek dute lekua, leku berdina: "Izan daiteke talde ezagun bat edo ibilbide handia duena, adibidez Jurgi Ekiza elkarrizketatu genuen aurreko astean, eta orain, aste honetan, Chuleria Joder-ekin goaz".

Azkenik, proiektuaren hirugarren hanka, Durangoko stand-a da. "Bide beretik doa", Otamendiren hitzetan. Autoekoizpenei ematen diete erakusleihoa; azokan hor zeharretan ibili denak badaki haien erakusmahaian ohikoa dela genero eta taldeen arteko nahasketa ikustea. Otamendiren esanetan, Durangoko Azokak baditu "gauza positibo asko", baina baditu "gauza negatiboak" ere: "Talde txikia baldin bazara oso zaila da lekua hartzea, ez baldin bazaude, betiere, diskoetxe baten pean". Musika Zuzenean proiektuaren helburua horixe da, erakusleiho gisa funtzionatzea.