argia.eus
INPRIMATU
GarbiƱe Larrea
“Ziburuko Azokarako badut asmoa sendabelar bat eramatekoa eta inguruan ikusten ditudan belarrak komentatzekoa”
  • Ekainaren 4an izango da Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen III. Azoka. Egitarauaren baitan, Garbiñe Larreak Sendabelarrek dakitena liburua aurkeztuko du 17:15ean. Larunbaterako asmoez hitz egin digu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko ekainaren 01

Lehen aldia da Ziburuko Azokara joango zarena, baina guk proposatu aurretik ere ba omen zenuten joateko asmoa…

Bai, iaz ginen joatekoak eta azken orduko arazo batengatik bertan behera utzi behar izan genuen. Gero ikusi genituen hango berriak, argazkietan lagunak eta ezagunak... Eta liburu azoka bat izanik, erakargarri egiten zitzaigun eta asmoa bagenuen aurten han egotekoa.

Orain, erabat ezberdina den egoera eta planteamendu batekin, bertan izango naiz.

Zure hitzaldiren batean esan izan duzu zuk ez duzula liburua deskribatzera mugatzen hitzaldia. Ziburuko hitzaldirako zer asmo daukazu?

Lehen hitzaldia Larraulen ematera nindoala, sare sozialetatik idatzi zidan pertsona batek galdetuz ea liburuaz bakarrik hitz egingo nuen; hori horrela bazen bera ez zela joango, ez zitzaiola interesatzen. Hausnarketa hori gustatu zitzaidan eta hitzaldiaren erdia eskaintzen diot liburua azaltzeari eta beste erdia garai horretan eskura ditugun sendabelarrekin lan egiteko proposamenak egiten ditut. Saiatzen naiz hitzaldietara lehenago joaten, inguruan zein sendabelar dituzten ikusteko.

Ziburun ordu erdiko tartea soilik daukat eta beraz, liburuaren aurkezpenak hartuko du zati gehiena, baina badut asmoa sendabelar bat eramatekoa eta inguruan ikusten ditudan sendabelarrak komentatzekoa.

Aurrez aurreko elkarrizketak gozo egiteko erraztasuna duzu. Ziburuko Azoka bezalakoek zer elikatzen dute?

Potentzialtasun handia dute. Badago jende bat entzutera etortzen dena gaiaz ia ezer jakin gabe, eta beste irakurle askok etxean jada badute tradizio bat, praktika, ohitura bat; badakite sendabelarrekin lan egiten. Niretzat oso aberasgarria da, hitzaldiak ematera joaten naiz baina askotan jasota itzultzen naiz. Koaderno bat erosi dut hitzaldietan jasotzen dudana, entzuten dudana biltzeko. Sare sozialetan ere badago truke hori baina askoz mugatuagoa da.

Sustatu nahi dut auzolanak egitea, taldean egitea, ikastaroetara datozenei esaten diet elkartzeko eta irteerak egiteko sendabelar bila. Dinamika horiek posible dira aurrez aurreko harremanetan.