Datu latza utzi du Ijito Idazkaritza Fundazioaren azken ikerketak: ijitoen %0,8ak baino ez du unibertsitate titulua lortzen. Espektatiba eta erreferentzia falta, eskola-segregazioa, aurreiritziak, arrakala ekonomiko eta kulturala… faktore garrantzitsuak dira, ulertzeko zergatik kasik ez dagoen ijitorik unibertsitateetan.
Espainiako Estatuko azterketa da, baina Euskal Herriko errealitatearen isla ere bada, hein handi batean. Hainbat faktore zerrendatzen ditu ikerketak, jada derrigorrezko hezkuntzan haur eta gazte ijito asko atzean geratzen doazela argudiatzeko, eskola-porrotean bukatzeraino –ijitoen artean eskola-porrota %62,8koa da, tasa izugarri altua–. Askok DBHko titulua lortu gabe uzten ditu ikasketak.
Erreferentzia falta nabarmentzen du azterketak. Ez dago ijito erreferenterik ikasketa edo lanpostu asko eta askotan, ezta hezkuntza curriculumean ere. Hala kontatu zuen ARGIAn Tamara Claveriek: “Gure kulturari balorea eman behar diogu eta ijito herrian dauden erreferente positiboak lehen mailan jarri behar ditugu, ez dadin betikotu buruan dugun imajinarioa, hedabideek hainbeste sustatua. Curriculum baztertzaile baten ondorioa da ijito ikasleak autoestimu oso baxua duela eta uste duela ez dela gai izango eskola arrakastaz bukatzeko. Beretzat, eskola graduatua da lor dezakeen helburu gorena, hori delako jaso ohi duen mezua”.
"Ikasle ijitoarentzat, eskola graduatua da lor dezakeen helburu gorena, hori delako jaso ohi duen mezua"
Jeanne-Rolande Dacougnak honakoa gehitzen zuen: “Ikasle hauei eta hauen kulturari buruz hitz egiten denean guztia negatiboa bada, edo testu-liburuetan ez badira inoiz agertzen, nola eraikiko dute autopertzepzio positibo bat? Ispilu eta erreferente positiboak behar dituzte, autoestimua bide horretan eraikitzeko eta gizarte honen parte sentitzeko. Sarri ikasle hauetaz dugun irudia da biktima direla, premiak dituztela edo mehatxu direla sistemarentzat, ez dakigulako oso ondo denontzako aukera berdintasuna nola materializatu, batzuetan ez dagoelako nahikoa baliabide, edo horretarako nahikoa gaitasun, nahikoa gogo…”.
Espektatibak eta autoestimua
Ijitoenganako espektatibak (irakaslearenak, familiarenak, ikaslearenak berarenak) faktore indartsua direla azpimarratzen du azterketak, aurreiritzi eta estereotipoei biziki lotuak. “Arrazakeria da pentsatzea ume ijito bat ikasgelan izatea gatazka-iturri izango dela”, zioen Claveriak. “Ezin zaio ikasle ijitoari denbora guztian errudun sentiarazi eta arazoa bera dela sinetsarazi, egitura ez dagoenean prestatuta pertsona guztiak modu berean sentitu gaitezen amets honen parte”. Amuge elkarteko kide honen hitzetan, eskola derrigorrezkoa dela jakin arren, ijito ikasleek jakin badakite baita ere eskolak ez diela enplegurik ziurtatuko, “ijitoak ez garelako kontratatzeko modukoak gizarte honetan”, eta beraz marko horretan ikasle ijitoak ez du eskola bere sentitzen.
Eskola-segregazioa, ijitoen kasuan, oso handia da –ikerketako datuen arabera, hiru ume ijitotik bati eragiten dio, alegia herenari–, eta sarri "ikastetxe ghettoetan" amaitzen dute. Praktika honek elikatu baino ez du egiten bazterketaren gurpil gaiztoa.
Azkenik, familiaren egoera sozio-kultural eta ekonomikoa aipatzen ditu azterketak, eta adibidez derrigorrezko hezkuntza osteko ikasketak ordaintzeko zailtasun eta trabak.
Violeta Pérez, EHUn erreferente
Iaz, ijito etniako lehen emakumea graduatu zen Zuzenbidean, EHUn: Violeta Pérez Manzano. Beste era batera esanda, 2024ra arte ez zegoen Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbidean titulua eskuratu zuen emakume ijitorik, aurrez esandako guztiaren adibide bat gehiago. Hain justu, EHUk egindako elkarrizketan kontatu zuen graduan ikasitako ikasgaietan faltan bota zituela “ijito-herriaren aurka egon diren lege diskriminatzaileak gehiago jorratu ez izana”.
"Nire ahotsak ijito bakar bat inspiratzen badu bere burua prestatzera, sistemak desafiatzen gaituen indarkeriei aurre egitera, nire helburua beteko dut"
Horren guztiaren aurrean, Fundaziotik hainbat neurri eskatu dizkiete agintari eta instituzioei. Besteak beste, propio ikasle ijitoei zuzendutako eskola-porrotari aurre egiteko orientazio eta errefortzu plan bat; eskola-segregazioa gainditzeko borondatea eta neurriak; eta ikasketak utzi dituztenak hezkuntza sistemara bueltatzeko aukerak garatzea. Aipaturiko ARGIAren erreportajean, beste hainbat eskaera ere egin zituzten solaskideek: aniztasuna lantzeko eta kudeatzeko baliabideak; gai honetan irakasleak formatzea; bai hezkuntza ez formalarekin bai auzoko beste elkarteekin eskolak harremanak indartzea, bidea elkarrekin egiteko –“banatuta bizi gara eta elkar topatzeko espazioak ezinbestekoak dira”–; edota familiei harrera egokia egiteko tresnak garatzea –“ongi eta atsegin hartzen zaiola sentitzen duen gurasoak parte hartuko du seme-alabaren eskolan”–.
Helburua, gero eta erreferente eta eredu gehiago izatea, etorkizuneko belaunaldientzat. Violeta Pérezen hitzekin amaituko dugu: “Nire ahotsa ijito bakar batengana iristen bada eta horrek edozein modutan inspiratzen badu bere burua prestatzera, sistemak desafiatzen gaituen indarkeriei aurre egitera eta gure artean akordioak lortzera eta elkarrekin borrokatzera, nire helburua beteko dut”.