argia.eus
INPRIMATU
Zer gertatuko litzateke AEBek Venezuela inbadituko balute eta Txinak Maduro lagundu?
  • Ekainaren 17an AEBek Europan dituzten indarren jeneral Christopher Donahue-k iragarri zuen NATOk Kaliningrado inbaditzeko plan bat duela. Kaliningrado Errusiako lurraldea da, Polonia eta Lituania artean dago, eta ez du lurralde loturarik gainerako Errusiarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko irailaren 26a
Desfile bat Moskun. RTVE

Kaliningrado militarki zaurgarria dela uste da eta horregatik Errusiak indar militar ugari ditu bertan: soldadu asko, 75 gerra-ontzi, gerra hegazkin supersonikoak, edota Iskander M. misil nuklear taktikoak. Hori guztia kontatzen digu Rafael Poch nazioarteko analistak honako artikuluan: Ukrainako gerraren zabaltzea iragarrita dago, eta badator. Bertan, Ukraina eta Mendebaldeko herrialdeek hura laguntzeko egiten ari direna aztertzen du, eta Errusiaren eta Europar Batasunaren arteko gerra aukera gero eta handiagoaren aurrean jartzen gaitu.

Pasarte batean irudikatzen du ea zer gertatuko litzatekeen AEBek Hego Amerikako herrialde bat inbaditu eta Txinak edo Errusiak herrialde horren alde egingo balute. Hemen pasartea itzulita:

"Demagun Errusiako edo Txinako buruzagi militar nagusietako batek konferentzia batean azaltzen duela AEBetako lurraldeari Mexiko edo Kanadako baseetatik eraso egiteko planak daudela. Herrialde horiek, gainera, misilak eta beste arma batzuk egiten edo transferitzen ari direla AEBetako "atzealdea" mugetatik oso urrun jotzeko; eta hori guztia iragartzen ari diren buruzagi politiko eta militarrek erasorako data ere jartzen dutela.

Demagun Amerikako Estatu Batuek Latinoamerikako herrialderen bat militarki inbaditzen dutela (egia esan, ez da irudimen handirik behar), eta Errusiak edo Txinak inbadituari 115.000 milioi dolarreko laguntza ematen diotela; eta Moskuren edo Pekinen beste aliatu batzuek 21.300 milioi dolar eta 7.500 milioi dolar jartzen dituztela (Alemaniak eta Frantziak, Ukrainari ordaindu diotena, hurrenez hurren). Pentsa dezagun Moskuk eta Pekinek beren sateliteen adimena, komunikazioa eta operazio berezi guztien sostengua eskaintzen dizkiotela inbaditutako herrialdeari, eta, horien bidez, AEBetako instalazio militar eta energetikoei eraso egiten zaiela, konplexu "estrategikoa" osatzen duten radarrak eta hegazkin-baseak barne; hau da, disuasioa, zaintza eta gerra nuklear baten prebentzioaz arduratzen den sistema barne. Esku-hartzean sartzen dira, besteak beste, bonbak eta sabotajeak AEBetako petrolio-ontzien aurka, atentatu pertsonalak bonbaz edo tiroketak kazetari eta politikari estatubatuarren aurka, horien artean inbasioa babesten duten eta AEBetan bizi diren inbaditutako herrialdeko oposiziogileen aurka. Ariketa hori egin ondoren, zer erreakzio eta gogo-aldarterekin geratuko lirateke politikari eta militar estatubatuarrak egoera horren aurrean?

Erantzuna honakoa da: seinale guztiek gerra zabalduko litzatekeela adieraziko lukete. AEBetako armadak, lehenik, berehala erasoko lieke Errusia eta Txinako aliatuei, eta geroago, emaitzaren eta erreakzioen arabera, potentzia handien arteko gerra hasiko litzateke. Horixe da, hain zuzen ere, bizi dugun egoera”.

Bistan da Poch Ukraina Mendebaldeko herrialdeen aldetik jasotzen ari den laguntzaz ari dela, baina alderantzizko egoera irudikatuta. Artikuluan borobiltzen da egoeraz egiten duen analisi latza. Aurreko artikulu batean Europar Batasuneko herrialdeak ez direla kontuan hartzen Errusiaren abisuak, eta horrek dituen arrisku larriez ohartarazten zuen Pochek. Mendebaldeko hedabide handietan ez dira sarri gisa honetako artikuluak irakurtzen, eta merezi du kontuan izatea.