argia.eus
INPRIMATU
Zentral eolikoez hitzaldia, erakusketa eta ibilaldi gidatua antolatu ditu Andatza-Ezkeltzu Bizirik! taldeak Zizurkilen
  • Green Capital enpresak zentral eolikoa eraiki nahi du Andatza-Ezkeltzun eta Eusko Jaurlaritzak "izapidetzen ari diren" proiektuen artean berau dagoela iragarria du. Herritarrak eolikoen gaiaz informatzeko eta izango dituen ondorioez sentsibilizatzeko hiru ekitaldi antolatu ditu Andatza-Ezkeltzu Bizirik! taldeak: lehena apirilaren 20an, Aitziber Saroberen hitzaldia Zizurkilen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko apirilaren 17a

Zizurkilgo etxeetan esku-orria banatu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik! taldeak. Bertan dioenez, "Andatza Ezkeltzu Bizirik! energia berriztagarrien alde dago; mendiak eta landa eremua txikituz ez, ordea. Zentral eolikoak proiektu industrialak dira eta beraz, industrialdeetan eta zonalde urbanizatuetan jarri behar dira. Mendiak industrializatu ordez, energia kontsumoa murriztearen alde gaude eta energia berriztagarrien mikroproiektu deszentralizatuen alde".

Aiztondo bailarako herritarrak sentsibilizatzeko hiru ekimen

Bailarako herritarrak zentral eolikoen gaiaz informatzeko, izenburu hau duen hitzaldia antolatu du taldeak: "Eolikoak mendietan, irtenbide edo arazo?". Aitziber Sarobe biologo eta ekologistak emango du hitzaldia apirilaren 20an, ostegunez, 19:00etan Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian. [Sarobek energia berriztagarriei buruzko Larrun-en parte hartua du. Hemen irakurgai].

Andatza-Ezkeltzu zentral eolikoak izango dituen ondorioak azaltzeko, erakusketa antolatu du taldeak: maiatzaren 2tik 13ra egongo da ikusgai Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian. Erakusketa honen irekiera berezia ere prestatu dute: maiatzaren 2an 19:00etan, Aitor Leiza hegaztietan adituak Ezkeltzu inguruan bizi diren interes bereziko hegaztiei buruzko hitzaldia emango du. Izan ere, hegaztiak hiltzea da haize errotek eragiten duten kalteetako bat.

Maiatzaren 13an ibilaldi gidatua egingo dute Ezkeltzu gainera. Elkartzeko bi erreferentzia eman ditu taldeak: 9:30ean Pedro Mari Otaño plazan eta 10:00etan Ezkeltzuko magalean. Goiz-pasa izango den ibilbidean zehar, gai hauetan adituak diren pertsonek bertatik bertara emango dituzte azalpenak: hegazti, landare eta arkeologia. Ezkeltzuko ondarea ezagutzeko balioko du ibilaldiak.

Zer jarriko lukete arriskuan zentral eolikoek Aiztondo bailaran?

Andatza-Ezkeltzu Bizirik! taldeak postontzietan zabaldu duen esku-orrian, zentralak inguruan izango lituzkeen ondorio hauek aipatzen ditu: Batetik, bioaniztasuna: "Milaka hegazti eta intsektu zuzenean hilko dira haize erroten besoak jota. Hauen artean, galtzorian dauden espezie hauek: Miru Gorria, Sai Zuria, Saguzar Sagujale Arrea, Saguzar Belarriluze Grisa eta Ferra-Saguzar Handia... eta ingurua polinizatzen duten erle eta intsektuak".

Bestalde, lur emankorra artifizializatuko dela eta lur mugimenduak egingo dituztela ohartarazi du taldeak, 200 metroko errotak Ezkeltzu gaineraino eraman eta finkatzeko: "Horrek bertako landareengan eta lurreko mikroorganismoetan inpaktua izango du".

Osasuna ere aipatu du taldeak: "Haize errotek sortzen dituzten infrauhinek pertsonon osasunean kaltea larriak eragiten dituzte. Ezkeltzun larretzen diren abereengan ere bai".

Azkenik, bertako ondare historikoa balio handikoa dela oroitarazi dute: "Ezkeltzun 36ko Gerrako ondare arkeologiko oso garrantzitsua dago, besteak beste, Saseta Defentsa Sistema osoan orain arte aurkitu den lubaki emankorrena, gerra-materialetan".