Dokumentu bateratuan ohartarazi dute Adrian Almazanen kaleratzeak "zentsura ideologikoa" dakarrela eta horrek unibertsitate-askatasunari "larriki" eragiten diola, kontuan izanda egungo krisi ekosozialaren aurrean "jarrera kritikoak inoiz baino beharrezkoagoak" direla.
Astelehen honetan oharra kaleratu dute Adrian Almazan Deustuko Unibertsitateak lanetik bota duen irakasleari elkartasuna erakusteko, eta salatu dute kaleratzeak arrazoi ideologikoak dituela tarteko: “Erabakiak zerikusi handiagoa du Adrianen lanaren ikuspegi kritikoarekin teknologiarekiko eta kapitalismoarekiko, baita hainbat mugimendu sozial eta ekologistatan duen militantzia aktiboarekin ere, edo presio merkantilei uko egitearekin”. Manifestuaren sinatzaileak dira Steilas, Ekologistak Martxan, Ingurumeneko Sari Nazionala duen Julen Rekondo, LAB, ESK eta Gune Ekosozialista.
Sinatzaileek gogorarazi dute “garapen eredu kapitalistak” sortutako krisi ekosozial batean dagoela mundua, eta egoera horrek “jarrera kritikoak” eskatzen dituela. Beraz, azpimarratu dute “inoiz baino beharrezkoagoak” direla instituzio eta erakunde autonomoak, zeinak gizarte-eragileei lotuta dauden, eta enpresa- nahiz teknologia-talde handien “presioetatik aske”. Salatu dute egun unibertsitateak merkatuaren eta enpresen “erasoen mende” daudela.
Horregatik, nabarmendu dute Almazanen kaleratzeak unibertsitate-askatasunari “larriki” eragiten diola: “Zentsura ideologikoa dakar, pentsamendu-, katedra- eta ikerketa-askatasunari erasotzen baitio”. Irakasleari elkartasuna adierazi diote, eta ohartarazi dute unibertsitatearen pribatizazioa gero eta handiagoa den heinean, irakasleen lan-baldintzen prekarizazioa ere handiagoa dela.
Adrian Almazani elkarrizketa egin zion Aitor Aspuru Saezek, hemen irakurgai.