Carles Puigdemont Kataluniako legebiltzarrean azaldu baino ordu gutxi lehenago, Europar Kontseiluaren buru Donald Tusk poloniarrak Europako Eskualdeen batzordearen goi mailako bileran hitzez aipatu zuen Kataluniakoa, mezu bana bidaliz Rajoyri eta Puigdemonti. Gaur asko aipatzen da Tusken papera eta bere keinuaren garrantziaz bezala mesederik handiena nori egiten dion kalkuluak ere bat baino gehiago dira.
Tuskek Europako Eskualdeen batzordearen goi mailako bileraren hasieran, solemnitate osoz hau esan zuen hitzez hitz:
“Zuen eztabaida hasi aurretik, Kataluniarentzako eta Espainia osoarentzako hain garrantzizkoa den une honetan, zuen aurrean mezu bat bidali nahi diot Kataluniako Generalitateko lehendakari Carles Puiddemont jaunari bere agerraldirako gutxi falta denean. Zuri mintzo natzaizau ez soilik Europar Kontseiluaren lehendakari naizen aldetik, baina baita ere Europar Batasunaren ‘United in diversity’ leloan benetan sinesten dudan norbait naizen aldetik, gutxiengo etniko baten kide eta erregionalista, poliziaren borrak kolpatua izatean zer sentitzen den badakien pertsona bat. Eta Europako herrialde handi baten lehen ministro ohi naizen aldetik ere bai. Laburbilduz, bi aldeen argudio eta emozioak ulertzen eta sentitzen dituen norbait naizenez.
Duela egun gutxi Rajoy lehen ministroari eskatu nion saiatzeko arazoa bortizkeriarik gabe konpontzen ahalegintzeko. Ahalegintzeko elkarrizketan. Zeren eta argudioen indarrak beti baita hobea indarraren argudioa baino. Gaur zuri eskatzen dizut zure ahaleginetan errespetatzeko ordena konstituzionala eta ez iragartzeko erabaki bat elkarrizketa hori ezinezko bihurtuko lukeena. Aniztasunak ez luke, eta ez du, eraman behar Kataluniarentzako, Espainiarentzako eta Europa osoarentzako txarra litzatekeen gatazka batera. Bila dezagun beti elkartzen gaituena eta ez banatzen gaituena. Horrek erabakiko du gure kontinentearen etorkizuna”.
Carles Puigdemontek arratsaldeko 18:00etan eskatu zuenean batzarraren hasiera ordu betez atzeratzeko, espekulazioen artean bi arrazoi aipatu ziren: batetik CUPekiko azken orduko eztabaidak eta bestetik Donald Tusken bitartekaritza eskaintza. Honek idazkariak Twitterez zabaldu zuen ez zela egia Tuskek Puigdemonti deitu zionik telefonoz, ez gutxiago baina ezta gehiago ere.
Gaur asko aipatzen da Tusken papera eta bere keinuaren garrantziaz bezala mesederik handiena nori egiten dion kalkuluak ere bat baino gehiago dira, esaterako El Economistan Jorge Valerok egiten duena edo Vanguardian Enric Julianak publikatua.
Xehetasun bezala, nazionalitatez poloniarra den Tuskek aipatzen du gutxiengo etniko baten kide dela. Kaxubiarra da Tusk. Askoz gutxiago diren arren kaxubieraz mintzo direnak, batzuek 500.000 herritarretaraino ugaritzen dituzte minoria horretako biztanleak. Günter Grass idazleak ere jatorri kaxubiarra omen zuen.
Gaur goizaldean Vilawebek zabaldu du Tusk berehala bidaiatzekoa dela Paris eta Berlinera Katalunia-Espainia gatazkaz hitz egitera Emmanuel Macron eta Angela Merkelekin. Laster ikusiko da Tusken ahaleginaren eta ahalmenaren neurria.