Ikastolak izan ditu eredu lehen kaxubiera eskolak

  • Badakigu non den Polonia, baina ez zer den kaxubiera. Hala ere, Euskal Herriarekin izandako hiru urteko harremanaren ondorio da eskola, eta horrexen berri eman digu Garabide Elkarteko lankide Maialen Sobrinok (Elizondo, 1988). Bost urte egina da Polonian, lau Varsovian, bat Poznan-en.


2017ko urriaren 11n - 11:02
Beren burua kaxubiartzat dutenak 250.000 dira. Kaxubiera hiztunak 108.000 dira. Lehen kaxubiera-eskolan 5 eta 12 urte arteko haurrak hasi dira. Argazkia: Garabidek utzia.

Euskal Herrira etorri ziren kaxubiarrak.

2015eko Aste Saindu inguruan hurbildu ziren lehendabiziko aldiz. Baztan ikastolarat etorri zen seikote bat, tartean bi guraso bere semearekin. Korrika urtea zen eta Bilbon egon ziren bukaera bestan; harrituak gelditu ziren. Lehenbiziko kontaktu horretatik bueltatu orduko Korrika etxekotu zuten eta aurten bigarren aldiz egin dute. Kaxubiarren dimentsioa du, ez hemengoa, baina ekimenaren funtsa etxekotu dute. Urte berean, Nafarroa Oinez baino lehen etorri ziren bigarren aldiz eta ikastolaren funtzionamendua ezagutu ahal izan zuten.  Hor gauza interesgarri bat gertatu zen. Gurasoak bileran ziren bitartean, haurra ikasgelara sartu zuten. Han egon zen bertze haur guziekin, eta gero, etxerako bidean Kaxubiako haurrak bota zuen: “Aita, eta guk zertaz ez dugu horrelako eskolarik?”. Galdera sinplea, baina erantzuna zaila.

Eskola ireki dutela esan duzu.

Irailaren 4an. Ez da deusetik sortua. Hezkuntza proiektua lantzen hasi ziren lehenbizi. Kaxubieraz irakatsi nahi zuten, baina baliabideak zein zituzten ere aztertu beharra zuten. Hizkuntzarekin batera, hezkuntza eredu alternatibo eta propioa osatu nahi zuten. Oraintxe Polonian hezkuntza erreforma handi bat egiten ari dira, eta jende anitz ez dago batere ados hartu diren neurriekin. Hortaz, guraso anitz abiatu dira eskola eredu berri bila, publikotik aterata. “Hauxe da gure aukera!”, pentsatu zuten kaxubiarrek, “pentsa dezagun zer dugun eta zer nahi dugun”. Kanadako eredua, Europa iparraldeko herrialdeetakoak, ikastolak… pittet eskura zituztenak aztertu zituzten.

Zein eredu landu dute?

Hiru ardatz ditu. Batetik, hizkuntza; lehenengo aldiz irakasten da kaxubieraz eta bertze hizkuntzekiko jarrera ere inklusiboa da. Bertzetik, IKTen erabileraren alde egin dute, paperik ez baina chromebook-ak erabiltzen dituzte; sarean lan egin ahal izateko, bertzeak bertze. Azkenik, gaitasun komunikatiboen lanketa berezia egiten dute; adibidez, irrati-estudio bat dute eskolan, haurrek irratigintza landu eta ikasi dutena aplika dezaten. Kaszebsko Jednota –Kaxubiarren Batasuna, alegia– izeneko elkarteko zenbait eragilek abiatu zuten proiektua eta eskola eredu berria elkartekideei aurkeztu zietelarik uste baino harrera hobea jaso zuten, baita gizartera zabaldu zutelarik ere.

Aurrera egin zuten, hortaz.

Bai. Ikasgaiak zehaztu zituzten, irakasleak aurkitu eta bertze hamaika lan, tartean altzari denda bat zaharberritu eskola bihurtzeko. Non jarri ere erabaki zuten, garrantzizkoa baita hori. Administrazio hiriburua da Gdansk –Gdùnsk, kaxubieraz–, hiri handi bat, non kaxubieraren erabilera ez den arras handia. Hortaz, eskola Wejherowo-n irekitzea erabaki zuten, erraten baitute herri horretan dela kaxubiarren arima, erabilera ere hortxe bizienik, eta geografikoki ere Kaxubia erdian.

Lehen kaxubiera ikastetxea. Argazkia: Garabidek utzia.

Kaxubierak zenbateko presentzia izango du?

Poloniera, hizkuntza gisa, astean bortz orduz ematea eskatzen die legeak. Beraiek, orduan, kaxubiera bertze bortz orduz ematea erabaki dute, bi hizkuntzak parekatzeko asmotan. Eredu publikoan, kaxubiera hautazkoa da eta astean hiru orduz ematen dute. Hortaz, bada aldea. Gainerako gaiei dagokienez, aurten informatika, ingurumena, musika eta plastika emanen dira kaxubieraz,  ikasgaien %50. Irakasleei dagokienez, %80 kaxubiera hiztuna da, eta gainerakoek kaxubieraz ikasteko konpromisoa hartua dute, eta horretarako programa ere abiarazia dute.

Zenbat dira kaxubiera hiztunak?

108.000 kaxubiera hiztun daude. Aldiz, kaxubiar gisa beren burua identifikatzen dutenak 250.000 dira. Eskualde berean daude denak, Pomeranian. Erbesteratuen komunitate bat badute Kanadan, bigarren edo hirugarren belaunaldikoa, eta kaxubiera eskolak ere ematen dituzte han. Bertzalde, kontuan hartzea merezi duen afera bat: kaxubiera hizkuntza eslaviarra da, polonieratik ez urrun, katalana gaztelaniatik bezain urrun, errateko. Hori dute alde eta kontra. Kontra, orain artean dialektotzat jo izan dutelako. Alde, ikasteko garaian erraztasuna dakarrelako.

Zein da eskola abiarazi duten kaxubiarren helburua?

Eskolaren bidez hizkuntza komunitatea indartzea. Eskolara hurbildu dira kaxubiera hiztunak ez ziren familiak –guraso, haur eta irakasle–, eta horien bidez komunitatea sendotzea da beraien nahia. Han izan ginelarik, irailaren hasieran, hogei ikasle ziren. Bada, 30 ziren hilaren hondarrean, Polonian iraila osoan irekia baitago matrikulazioa. Lehen Hezkuntzako eskaintza dute, 5 urtetik 12 urte artio, hiru gelatan banatuak, zikloka, gure herrietako anitz eskolatan den gisan. Nabarmentzekoa da egin duten lanari esker lortu dutela 2018ko urtarriletik aitzin eskola sare publikoan sartzea.

Zenbaterainoko presentzia du kaxubierak Polonian?

Varsovian edo Poznanen bizi nintzelarik, minoriei buruz galdetzen nuelarik, gehienek Polonia herrialde homogeneoa dela erraten zuten, denak zuriak, denak katolikoak… estereotipoak! Akaso, silesiarrei buruz solastatzen ziren. Inork ez zizkidan kaxubiarrak aipatzen. Nik erraten nuelarik, orduan, “Eta kaxubiarrak?”, beraiek “Zaharrak dira… Dialekto bat da… Galtzen ari da…” gisako erantzunak jasotzen nituen. Aldiz, hizkuntza gisa onartua den bakarra Polonian, kaxubiera duzu, 2005ean lortu zuten aitorpena. Horri esker, udalek diru-laguntzak dituzte eskoletan kaxubiera irakasteko, bide-seinaleak bi hizkuntzetan jartzeko eta bertze. Ez da gure ofizialtasunaren gisakoa, baina urrats bat da.

Erabileraren gainean zer datu dira?

Wejherowo-n %25ekoa da erabilera. Periferian, %10. Hala ere, zail da neurtzen, hiztun pasibo anitz baitago, ulertzen bai baina solastatzen ez dutenak. Familia anitzetan pasatzen da zaharrek kaxubiera solastatzen badakitela, baina ez bertzeek. Eta eskolan hiru orduko eskolak emanez... Bi belaunalditan galtzen ahal da hizkuntza.

Galtzeko perilean da kaxubiera?

Euskara galtzeko arriskuan dago? Ez... edo Nafarroako toki batzuetan segurik bai, adibidez. Perspektiba zein den. Uste dut hondar hamarkadan Kaxubiarren Batasuna elkartean eta Radio Kaszebe irratian egin duten lanak –150.000 entzule ditu, polonieraz eta kaxubieraz egiten du–, kontzientzia hauspotu duela. Adibidez, maketa-lehiaketa idurikoa egiten dute urtero eta kaxubierazko lanen liburutegi ibiltaria dute, bertzeak bertze. Arriskuak ere badira, hala ere…

Zer esan nahi duzu?

Anitzendako kaxubiar izateak ez du ikustekorik hizkuntzarekin. Errateko, Poloniako lehen ministro ohi Donald Tusk kaxubiarra da, eta kaxubiar elkarte handieneko kide, baina hizkuntzaren aldeko ekimenetan ez dute interesik, folklorean soilik. Hor da talka. Dena den, oztopoen bertze aldean beti daude aukerak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaxubiera
Kaxubiarrak
Ikastolak izan ditu eredu lehen kaxubiera eskolak

Badakigu non den Polonia, baina ez zer den kaxubiera. Hala ere, Euskal Herriarekin izandako hiru urteko harremanaren ondorio da eskola, eta horrexen berri eman digu Garabide Elkarteko lankide Maialen Sobrinok (Elizondo, 1988). Bost urte egina da Polonian, lau Varsovian, bat... [+]


Eguneraketa berriak daude