François Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxitara izendatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ordezkoa: Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria, aurretik Defentsa ministro izandakoa eta Macronen oso gertukoa. Oposizioa haserre mintzatu da, ezker zein eskuin. Lecorneren iragan politikoak, ingurumen aktibisten kontrako eta ideia kontserbadoreen aldeko bide zabal bat marrazten du.
Konfiantza mozioa galduta, François Bayrou Frantziako lehen ministroak dimisioa eman zuen asteartean, aurreikusi bezala. Bi aste lehenago iragarri zuen Bayrouk froga hori egingo zuela Asanblea Nazionalean, aurrekontuak murrizteko –eta horrekin batera pentsioak, lanpostu publikoak, osasungintza...– bere saiakerak uztailean porrot egin ondoren. Begi bistakoa zen ez zuela gaindituko. Bi aste espekulaziorako.
Emmanuel Macron presidenteak hautatu zezakeen PSko norbait ordezko moduan, azken batean Fronte Popularra koalizioan indar nagusiena izan zen alderdi hori 2024ko parlamenturako hauteskundeetan. Baina, horren ordez, berriz ere bere alderdiko kide bat aukeratu du, oso gertukoa, orain arte Defentsa ministro izandako Sébastien Lecornu.
2018an zabor nuklearrak lurperatzeko Cigéo proiektuaren arduraduna zen Lecornu. Hala, Bure herrian zuhaitzetan zintzilik zeuden aktibista antinuklearrak kanporatzeko gogor aritu zen
Oposizioko alderdiak haserre azaldu dira eta ziurtatu dute Macronen agintaldia azkenetan dela, berandu baino lehen deitu beharko dituela hauteskundeak. Frantzia Intsumisoko Luc Melenchonek Macronen dimisioa eskatu du; PSk, berriz, ohar bidez, bat egin du herritarren "haserre sozial legitimoarekin"; eta Ekologia-Berdeak alderdiko Marine Tondelierrek "probokaziotzat" hartu du izendapena.
Baina zein da Sébastien Lecornu, halako erreakzioa sortzeko? Reporterre aldizkariak bere profila egin du, ikuspuntu sozial-ekologista batetik argiak baino itzal gehiago dituena.
Ekologistak kriminalak, ehiztariak lagunak
Duela 39 urte jaioa Eaubonnen, Paris iparraldean, Lecornuk bere garaian François Fillon babestu zuela dio Reporterre-k –ideia erreakzionarioengatik Le Penen faxistari irabazteko hautagai bakarra izan zen politikaria–. Orain, Macronen "zale fidela" da.
2022an izendatu zuten Defentsa ministro. Horren aurretik beste hainbat kargu garrantzitsu izan ditu, baina batez ere 2017 eta 2018 artean Trantsizio Ekologikoko estatu idazkari izandako garaiak dituzte askok gogoan.
Zentral nuklearren itxierak eta irekierak gestionatu zituen eta, besteak beste, 2018an zabor nuklearrak lurperatzeko Cigéo proiektuaren arduraduna zen. Hala, Bure herrian zuhaitzetan zintzilik zeuden aktibista antinuklearrak kanporatzeko gogor aritu zen: "Ez ditugu ingurumenaren aldekoak kanporatu, kriminalak kanporatu ditugu", esan zuen.
Notre-Dame-des-Landes ZADean ere gogor aritu zen, eta lur jabe guztiak indarrez erregularizatzea agindu zuen: "Badaude zadista ultraezkerrekoak eta biolentoak, inoiz laborari izango ez direnak", ziurtatu zuen Lecornuk.
Gero, Emmanuel Macronek ehiza legea aldatzea eskatu zion. Reporterren esanetan, Lecornuk ehizarako atera beharreko baimenen kostua gutxitu zuen eta "ehiza tradizionala" defenditu zuen 2024an: "Ehiztarientzat mintzakide irekia eta irmoa izango da", iragarri zuen ehizan espezializaturik Chassons.org webguneak.
Orain Macronek beste enkargu bat eman dio, lehen ministro moduan: beste alderdiekin hitz egin dezala aurrekontuetarako akordioak lortzeko. Alegia, San Migeli kandela bat jartzea eta etsaiari beste bat?