argia.eus
INPRIMATU
Zazpi urteko kartzela zigorra militar turkiarrek torturatu eta helikopterotik bota zuten kurduari
  • 2020ean Turkiako soldaduek Osman Siban eta Servet Turgut baserritarrak atxilotu zituzten, eta ustez torturatu eta helikopterotik bota zituzten. Turgut hil egin zen. Siban larri zauritu zuten, eta orain, "erakunde terrorista bateko kide izategatik" zigortu dute. 

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 12a
Osmaen Siban torturatu eta helikopterotik bota zutenean hematomaz beteriko argazki hauek zabaldu zituzten. Argazkia: Gazete Karinca.

Gazete Karinca hedabideak azaldu duenez, Osman Siban ez da joan Mersingo Bigarren Zigor Auzitegi Nagusian egindako entzunaldira, baina abokatua bertan egon da. Fiskalak espetxe zigorra eskatu du, “erakunde terrorista bateko kide izateagatik”. 

Epaimahaiak, lehenik, 9 urteko kartzela zigorra ezarri dio. Ondoren, 7 urte eta 6 hilabetera murriztu du. Erabakian, atzerrira bidaiatzeko debekua ere jarri diote. 

Toturatu eta ustez helikopterotik bota zituzten

2020ean soldaduek 50 urteko Osman Siban eta 55eko Servet Turgut anaiak atxilotu zituzten, biak baserritarrak, Van probintziako Çatan herrian egindako operazio militarrean. Biak bortxaz helikopteroan sartu eta eraman egin zituzten. Torturatu eta helikopterotik bota zituztela salatu zuten. Turkiako Gobernuak ukatu egin zuen gertatutakoa.

Turgut 20 egunez hil ala bizi egon zen ospitalean, eta azkenean, hil egin zen. Siban larri zauritu zuten eta handik egun batzuetara alta medikoa eman zioten.