Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek antolatu duten erakusketa ibiltaria ezin izango da Zarauzko areto publikoetan ikusi. Udalak argudiatu du errelato "partziala" eta "ideologizatua" eskaintzen duela. EH Bilduren lokalean paratuko dute azkenean.
Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketa antolatu dute Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek, 1975. Dena jokoan zegoen urtea izenburupean, diktadura frankistak ETAko bi kideak eta FRAPeko beste hiru 1975eko irailaren 27an fusilatu zituela 50 urte igaro direnean –ARGIAk aste honetako azala eta erreportaje zabala eskaini dizkio gai berari–.
Erakusketa ibiltaria izango da, eta horren barruan aurreikusita zegoen Zarautzen ere jartzea, Jon Paredes Manot Txiki-ren herrian. Baina Zarauzko Udalak antolatzaileei aretoa ukatu die. Guka tokiko komunikabideari azaldu diotenez, Bizikidetza Mahaian hartu dute erabakia –udaleko EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk dute ordezkaritza–, baina ez diote beste azalpenik eman nahi izan.
Udaleko iturriek EiTBri esandakoaren arabera, erakusketak errelato "partziala" eta "ideologizatua" eskaintzea izan da debekuaren arrazoia. Aitzitik, Iratzar fundaziotik argitu dute errelato guztiak direla "definizioz" partzialak
Erakusketa, azkenean, EH Bilduren lokalean jarriko dute irailaren 22tik aurrera. Horren aurretik Azpeitian egongo da ikusgai aste honetan, Angel Otaegiren herrian –Nuarbe auzoan jaio zen–.
Hedabideek horren berri eman ostean, udalak oharra kaleratu du eta jakinarazi du irailaren 26an ekitaldia egingo dutela: "Bertan irakurriko da adierazpen instituzional bat, udal ordezkaritza duten talde politiko guztien arteko lankidetza eta adostasunaren emaitza dena", irakur daiteke.
Udaleko iturriek EiTBri esandakoaren arabera, errelato "partziala" eta "ideologizatua" eskaintzea izan da debekuaren arrazoia, eta ez dituela Eusko Jaurlaritzaren Gogora memoria institutuaren egia, justizia eta erreparazioaren printzipioak betetzen. Aitzitik, Iratzar fundazioko kide Andoni Olariagak Euskadi Irratiaren galderei erantzunez argitu du errelato guztiak direla "definizioz" partzialak eta, nolanahi ere, Gogoraren printzipio horiek betetzen dituztela.
Zarauzko udal gobernuak –EAJk eta PSE-EEk osatua– Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenaren harira erakutsi duen jarrerak kritika ugari sorrarazi ditu. Abuztuan, Santa Barbara mendian bi militante antifrankisten irudiarekin zintzilikatutako olana handi bat kentzeko agindu zuen, ingurumenari kalte egiten ziola argudiatuta; olana baso batean botata utzi zuten, herritarrek berreskuratu eta egun gutxi barru Azken Portu auzoko plazan berriz zabaldu zuten arte.
Irailaren 28an, fusilatzeen urteurrenaren biharamunean, herri-ikuskizuna egingo dute Zarautzen, 1975. Txiki Otaegi izenburupean. Herriko elkarte, eragile eta sortzaile ugarik elkarlanean ondu dute, eta "memoria ariketa herrikoia" egitea du helburu.
Txiki eta Otaegiri aitortza instituzionala egiteko eskatu dio Sortu alderdiak Zarauzko Udalari, "are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren". Baina eztabaida are gehiago sutu zuen Gogorako zuzendari Alberto Alonsoren adierazpenek: “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”, esan zuen. Erreakzio-kate handia izan zen, eta Iñigo Urkullu lehendakari-ohiak ere ezbaian jarri zituen Gogorako zuzendariaren hitzak.
Txiki eta Otaegiren fusilatzeei buruz ez ezik, frankismoa azkenetan zen 1975. urte giltzarriari buruzko hausnarketa bat ere bada erakusketa
1975: urte giltzarri bati buruzko erakusketa
Azpeitiko Betharram aretoa txiki geratu da astelehen honetan, 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketaren aurkezpenean jendetza hurbildu baita. Txiki eta Otaegiren fusilatzeei buruz ez ezik, frankismoa azkenetan zen 1975. urte giltzarriari buruzko mostra ere bada.
Hamasei panelez osaturik, erakusketak ibilbidea egiten du frankismoaren hastapenetik gaur egun arte. Baina batez ere, 1975 urtean du geldialdi nagusiena, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideen fusilatzeek, Francoren heriotzak eta Juan Carlos Borboikoa estatuburu izendatzeak suposatu zuenaz hausnartzeko.
"Bost hamarkada ondoren, trantsizioa aukera galdu bat izan zen", irakur daiteke azkenean. "Espainiaren batasunean eta oligarkiaren interesetan" oinarriturako egitura politikoa egosi zen urte giltzarri horretan. "Kontuz ez bagabiltza, esango digute gertatu ziren gauza terribleak ez zirela gertatu, edo ez zirela hain terribleak izan, edo ez zirela hain inportanteak izan", ohartarazi zuen Irati Jimenez Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak aurkezpenean, eta horri erantzutera ere badatorrela erakusketa.
Panelez, objektuez eta argazkiez gain, Iratzar fundazioak egindako 11 minutuko ikus-entzunezkoa ikus daiteke erakusketan, Txiki eta Otaegiren ahotik gaur egungo Euskal Herriaren errealitateri buruz egindako irakurketa bat.
Erakusketak Zarautzen izango du segida, eta ondoren Tolosan eta Gasteizen ere izango da urrian zehar.