argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko zabortegiaren arduradunak atxilotu dituzte
  • Verter Recycling 2002 enpresaren sortzaile eta jabe Jose Ignacio Barinaga, enpresaren kudeatzaile (eta Barinagaren iloba) Arrate Bilbao eta azpiegituraren injeniari Juan Etxebarria atxilotu dituzte ertzainek uztailaren 21ean. Zaldibarko zabortegia erori ostean auzitegietan zabalik dauden bi ikerketetako baten barruan atxilotu dituzte, astearte goizean epaileak hala eskatuta. Eibarko komisarian daude, eta ostegunean epaile aurrean deklaratutakoan erabakiko du epaileak atxilotutakoekin zer egin.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 22a
Jose Ignacio Barinaga, Verter Recycling 2002 enpresaren sortzaile eta jabea. Argazkia: eitb.eus.

Bi auzitegi ari dira ikertzen ea Zaldibarren otsailaren 6an erori zen zabortegian deliturik izan ote zen. Bi langile azpian harrapatu zituen 1,5 milioi tonako zabor-jauziak eta autopistaraino erori zen; hurrengo astean hasi ziren ikerketetan epaitegiak: Durangoko epaitegia ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da, eta hasieran zabaldutako informazioek adierazten zuten bertako epaileak agindu zuela Verter enpresan ardurak dituzten aipatutako hiru kargu horiek atxilotzea (ondorengo albisteek diote Ertzaintzaren ekimenez egindako atxiloketak izan direla). Eibarko epaitegia, berriz, langileen eta pertsonen kontrako deliturik egin ote den ikertzen ari da.

Urkulluk eta Arriolak egun horretan Zaldibarren zuten bisita bertan behera utzi dute

Mikel Peruarenak eta Imano Magro kazetariek Berria hedabidean zabaldu duten informazioaren arabera, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak bisita bat egin behar zuten uztailaren 21ean Zaldibarrera, baina bertan behera utzi zuten atxiloketen berri izan zutenean. Arriolak ezaguna du atxilotu berri duten Barinaga.