Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek denbora daramate zaintza sistema "publiko eta duina" aldarrikatzen norbere bidetik, baina orain indarrak batzeko beharra ikusi dute. Horretarako, Zaintza Babesten federazioa sortu dute. Zaintza eraldatzeko bidean, egoitzetako egoiliarrek eta senideek esateko dutena entzuteko eskatu diete instituzio publikoei.
Adinekoen eskubideen alde indarrak batze aldera, Zaintza Babesten federazioa sortu dute Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek. Zaintza zerbitzuen erabiltzaileen eta senideen ordezkari gisa, "sistema publiko eta kalitatezkoaren" alde borrokan ari dira norbere bidetik. Federazio bateratuan biltzeko beharra ikusi dute orain, ordea, “administrazioak entzungor” egiten diela ikusirik.
Elkarteek norbere lanarekin ere jarraituko dute, baina aurrerapauso batzuk denen artean ematea adostu dute. Elkartasun horren fruitu den Zaintza Babesten federazioa aurkeztu zuten Bilbon ostegunean. Lehenik eta behin, EAEko eta Nafarroako instituzio publikoei exijitu diete zaintza sistema "duin" baten eraikuntzan egoiliar eta senideen hitza aintzat hartzeko. Izan ere, uste dute eztabaida foroetara gonbidatzeak irudia zuritzeko soilik balio duela, gero ez badituzte ekarpenak entzungo.
Egoitza publikoak "desagertzear"
Zaintzaren pribatizazioan jarri dute jopuntu nagusietako bat; egoitza publikoak “desagertze bidean” daudela salatu dute, "administrazioek hori ahalbidetzen dutelako". Gogorarazi dute enpresa pribatuen helburua "etekin ekonomiko handiena ateratzea dela, ez zerbitzuaren kalitatea bermatzea". Azaldu dutenez, egoitza ugari diru publikoz hornitzen diren arren, "esku pribatuek" kudeatzen dituzte.
Zaintza langileen grebarekin bat egin dute, "beraien duintasunaren eta egoiliarrenaren alde"
Modu berean, federazioaren aurkezpenean babesa adierazi diete greban dauden eta egon diren zaintza langileei. Are, lotuta doazen borrokak direla uste dute: “Lan baldintzen prekaritateak, langileen duintasunari ez ezik, egoiliarrenari ere eragiten die zuzenean”. Besteak beste, salatu dute egungo ratioekin ezinezkoa dela zerbitzu egokia ematea.
Zaintza Babesten federazioa jendarteratu baino lehen, pasa den urrian manifestu bateratua egin zuten elkarteek. Aurkezpenean hizpide izan dituzten aldarrikapenak xehetzen dituzte bertan. Eskakizunetako bat da egoitzetako ikuskaritza handitu eta hobetzea: “Ikuskatzaileen plantillak handitzea eskatzen dugu, bai eta beren lana independentzia osoz egiten dutela bermatzea ere”. Ez dute begi onez ikusten, hortaz, ikuskaritzak aurrez abisatuak egotea.
Irakurri hemen Babestu Elkarteko eta Zaintza Babesten federazioko kide Xabier Monreali urrian eginiko elkarrizketa: "Zahartuta dagoen gizarte batean bizi gara, baina fokua ez da adinekoengan jartzen".