Astelehenean Arabako Zaballa espetxean hainbat presok mutin bat egin zutela zabaldu zen. Salhaketa-Araba elkarteak prentsa oharra argitaratu du, motina egon denik ukatzeaz gain gertaerekin lotura duten presoen egoeragatik kezka adieraziz.
Informazioa “Espetxeetako Langileen Elkarteak” eman zuen, eta laster hedatu zuten hainbat hedabidek. Salhaketak salatu du talde horren osaera ezezaguna dela, eta edonola ere asteleheneko gertaeretan inplikatutako kartzelazainen zein presoen bertsioa beste bat dela.
Salhaketaren ustez, 700 pertsona preso dituen espetxe batean “7-8 presoren eta zenbait funtzionariren arteko liskar bati” ezin zaio motin deitu. Ordea, hedabideetan trataera hori emateak liskarrean inplikatutako presoen egoera kaltetu dezakeela uste du espetxeen aurkako elkarteak. Presoak jada isolamendu ziegetan zigortuta daude.
Espetxezain bat preso bat lepotik helduz immobilizatzean piztu ziren gertaerak, Salhaketaren esanetan. Beste preso bat aurreko biak banatu asmoz hurbildu zen, immobilizatuta zegoen kidea arnasa hartu ezinik eta arriskuan ikusi zuelako. Orduan, dio Arabako elkartearen idatziak, “beste kide batzuk ere haserretu egin ziren eta liskarra hasi zen”.
Zortzi preso eraman dituzte isolamendu ziegetara gertakarien harira, eta Salhaketak haien egoerarekiko kezka agertu du: “Isolatutako pertsonak babesgabetasun egoera berezian daude, eta horrek oso eragin negatiboa du haien osasunean”. Horrez gain, graduz aldatuko dituzten beldur dira presoak. Elkarteak exijitu du kameren grabaketak Zaintza Epaitegira bidaliak izan daitezela, baita presoei lekukotasuna hartzea eta tratu txarrik egon ez dela ziurtatzea ere.
Erantzukizunik ez hildakoengatik
Gertatua aurten eman diren bost heriotzengatik Zaballako espetxean dagoen “ondoeza orokortuarekin” lotu du Salhaketak. Hain zuzen ere, bost heriotza horiekiko ardurarik eza salatu du elkarteak: “Ez da erantzukizunik argitu kartzelako zuzendaritzaren aldetik heriotza horien ondoren, eta ez da hartu hainbat elkartek eskatu dituzten ez errepikatzeko 9 neurrietatik bat ere”.