Mark Gordon AEBetako Wyoming estatuko gobernadoreak abortatzeko pilulak debekatzeko legea onartu du, eta erabiltzen dituzten emakumeek kartzela zigorra eta isuna izango dituzte. Debekua ezartzeko Gordonek argudiatu du "pertsona oro duintasunez eta errukiz tratatu" behar dela. Bitartean, Texaseko epaile federal kontserbadore bat abortatzeko pilula AEB osoan debekatzeko helegitea aztertzen ari da.
Wyomingen, AEBetako Mendebaldean, abortu pilula erabiltzea debekatu du Mark Gordon gobernadoreak. Medikamentu hori debekatzeko berariazko araua ezartzen duen lehen estatua da. Erabiltzen dituzten emakumeek sei hilabete arteko kartzela zigorra eta 8.400 euro inguruko isunak izango dituzte.
Politikari errepublikanoak lege proiektu bat ere aurkeztu du, haurdunaldi etete gehienak murriztu nahi dituena; bortxaketa, intzestua edo amaren bizitza arriskuan dagoenean salbu. "Uste dut bizitza sakratua dela eta pertsona oro, ez jaiotakoak barne, duintasunez eta errukiz tratatu behar dela", argudiatu du gobernadoreak, Agence France-Presse berri agentziak azaldu duenez.
Legeak betoa ezartzen du abortua egiteko edozein pilula agindu, eman, banatu, saldu edo erabiltzeko. Hala ere, legeak biharamuneko pilula erabiltzea salbuesten du, haurdunaldia baieztatu baino lehen erabiltzen delako.
Gordonen erabakia iritsi da Texaseko epaile federal kontserbadore bat abortatzeko pilula mifepristona nazio mailan debekatzeko helegitea aztertzen ari denean. Joan den ekainean Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubide konstituzionala ezeztatu zuen eta harrezkero, hamabost estatu kontserbadorek debekatu dute abortu mota oro.