argia.eus
INPRIMATU
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da
  • Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu arinagatik.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 22a
Voxen aurkako protesta Atxuri auzoan Hordago / El Salto

2019an Bilboko Atxuri auzoan Voxen mitinari boikot egin zioten bederatzi kideen epaiketa hasi da astelehenean. 2019ko hauteskunde orokorren kanpaina testuinguruan, Voxek Atxurin egindako mitinaren kontra protesta egin zuen hainbat auzokidek, eta Ertzaintzak hiru atxilotu eta beste sei identifikatu zituen.

Epaiketa azaroaren 18tik 20ra bitarte izan da, eta bederatzi auzipetuetatik zortzik akordioa egin dute Fiskaltzarekin nahiz akusazioarekin, eta, beraz, kargurik larrienak kendu dizkiete; besteak beste, gorrotoa eta erresistentzia karguak. Horrek ere zigorrak murriztu ditu, eta orain Fiskaltzak isun ekonomikoak eta 7 eta 16 hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen dizkie. Beraz, ez dute espetxean sartu beharko.

Auzipetu batek errefusatu egin du akordioa "kontzientzia arrazoiak" argudiatuta. Atxuri auzoko irakasle eta ekintzaile bat da. Haren hitzetan, Vox eta Fiskaltzaren salaketa onartzeak arlo pertsonal eta profesionalean “hiltzea” litzateke.

“Kolektibo zaurgarriekin eta migratzaileekin egiten dut lan; ezin dut onartu egin nuena delitu bat izan zela”, azaldu du eldiario.es-en. Orain froga guztiak amaitu ostean epaiketa bati egin beharko dio aurre, eta bere abokatuaren, Ministerio Fiskalaren eta akusazio partikularraren azken alegatua izango da.