argia.eus
INPRIMATU
Uztaritze, Domintxaine eta Angeluko hiru ikastetxetan izandako hamahiru eraso salatu dituzte
  • Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman dituzte Baionako auzitegian.

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 11
Gilles Paren, erdian, salaketak jarri dituzten beste lau gizonezkorekin, Baionako Auzitegian. Radio France. Paul Nicolaï

Guztira hamahiru salaketa jarri dituzte hiru ikastetxe horietan 1960 eta 2005 artean gertatutako indarkeria kasuengatik, fisikoak, psikikoak eta sexualak. Baionako auzitegi aurrean egindako agerraldian azaldu diren bost gizonek esan dutenez, gertakariak preskribituta egongo dira dagoeneko, baina haientzat hori ez da garrantzitsuena. Haien erranetan, erasoak salatzeak balio die haiek hobeto sentitzeko eta gizarteak izan dezan gertatutakoaren berri.

Biarnoko Betharramgo ikastetxeko erasoak azaleratu ondoren, salaketak ugaritu egin dira han-hemenka, besteak beste, Ipar Euskal Herrian.

Horren karietara, Uztaritzeko erasoak jaso zituzten biktimek kontu bat ireki zuten Facebook-en eta dagoeneko 180 lagunen salaketak bildu dituzte bertan. Gilles Parentek egiten ditu Uztaritzekoen bozeramaile lanak, eta bere ustez oso garrantzitsua litzateke erasoa jasan zutenek biktima izaera eskuratzea, besteak beste, haien artatzeari begira.

Parentek esandakoaren arabera, bost gizonek aurkeztu dituzte salaketa horiek, baina badute erasoak jasan zituzten beste bi lagunen berri ere; horiek, alabaina, oraingoz ez dituzte erasook salatuko, "horretarako indar aski bildu ez dutelako".

Boskote horretako bat da Ives, eta Berria-k horrela jaso du haren testigantza: "Jakin nuelarik talde bat sortu zela, lotu nintzen, zeren on egiten baitigu partekatzeak zer bizi izan genuen. Nire inguruan aipatu izan dut, baina hain da bortitza kontatzen nuena... Usu iruditu zait ez nindutela sinesten".

Egunkariak argitaratu duenez, bost gizon horiez gain, izenik eman ez zuen beste emakume bat ere hurbildu da auzitegira. Hark ez zuen erasorik jasan, baina 2002 eta 2005 artean Uztaritzeko ikastetxean ikusi zituenen berri eman nahi izan du.