Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik pasatzeko.
"Gertatzen dena gertatzen dela, plana abian jarriko dugu", esan du asteon Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak. 10-12 asteko epea jarri du Sunakek; uztailean hasiko litzateke, beraz.
Erresuma Batuak 240 milioi libra ordaindu zizkion joan den abenduan Ruandako Gobernuari, eta guztira 370 milioi libra izatea aurreikusten da 2028rako, "legez kanpoko migratzaileak" hara deportatu ahal izateko. Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, baina, atzera bota zuen deportazioaren egitasmoa, besteak beste, seinalatuta migratzaileek ere giza eskubideak dituztela eta posible litzatekeela Ruandan eskubideak urratzea.
Orain, Sunakek besapetik atera du Ruanda "herrialde seguru" izendatzeko araudi berria –Rwanda Safety Bill deiturikoa–, eta uste du, behin hori onartuta, Auzitegi Gorenak ezin dezakeela kontrakorik esan. The Guardian egunkari britainiarrak, dena den, aipatzen du Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak ahalmena izan dezaketela deportazio bortitzok geldiarazteko. Orain arte ez dira inora joan, hitzetatik harago.
Kostata, baina astelehen gauean onartu du parlamentu britainiarrak Sunaken lege berria. Ez atzera eta ez aurrera egon da zenbait astez.
"Britainiarrok nazkatuta gaude; segurtasun nazionala lehenetsi behar da"
Prest agertu da lehen ministroa Europako Giza Eskubideen Auzitegiari entzungor egiteko, baita debekua ezarriko balio ere. "Atzerriko auzitegia" delako, kasurik ez zaiola egin behar adierazi du: "Britainiarrok nazkatuta gaude; segurtasun nazionala lehenetsi behar da".
Deportazio plana abian jartzeko prest dagoela jakinarazi du Sunak lehen ministroak. Dagoeneko 500 funtzionario prestatu dituzte hegazkin horietara igoko diren migratzaileei "laguntzeko", aireportu bat ere prestatu omen dute propio horretarako, eta hegaldi komertzialen artean ordu-tarte libreak bilatu ere bai. "Lehen hegaldia 10-12 aste barru abiatuko da, gertatzen dena gertatzen dela".
Rishi Sunak, migratzaileen biloba aberatsa
43 urte ditu Sunakek eta gizon zuria ez den lehen pertsona da kargu horretan. Indiako Punjab eskualdeko migratzaileen biloba da, Afrikako ekialdetik 1960ko hamarkadan Ingalaterrara joandakoak. Winchesterreko ikastetxe pribatu elitistan ikasi zuen eta Filosofia, Politika eta Ekonomian lizentziatu zen Oxfordeko Unibertsitatean.
Lehen ministro izatera iritsi zen 2022ko udazkenean, eta orduko hartan, Sunak eta bere emazte Akshata Murtyren artean 825 milioi euro inguruko dirutza zeukaten, The Guardian-en arabera. Sunday Times hedabideak osatutako zerrendaren arabera, Erresuma Batuko 222. familiarik aberatsena zen orduan.
Berari buruzko informazio gehiago hemen, Axier Lopezen albistean.