Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da, Ortzaizen: Uxue Alberdik Hetero liburua aurkeztuko du.
Badator Azokaroa, eta antolatzaileek hiru oinarritan laburbildu dituzte bere helburuak. Lehenik, Ziburuko Azokari hedadura gehiago ematea, plazaren eta egun bakarraren "mugak" gaindituta; bigarrenik, auzo eta herriek azokari eskaintzen dioten giroa itzultzea, "azoka inguruko animazio edo ekitaldiak herri hauetara ekarrita"; eta hirugarrenik, "auzo eta herrietan euskaraz bizitzen ari diren talde edo elkarteekin sareak sortzea eta elkar lanean aritzea eskualde mailan".
Uxue Alberdiren liburu aurkezpenak emango dio hasiera aurtengo Azokaroari. Martxoaren 30ean izango da, 18:30ean, Menta liburudendan. Liburu honi buruzko egilearen azalpenak eta solasaldia gozatu ahalko dira bertan.
Hetero-ren harira Danele Sarriugartek Alberdiri ARGIAn egin zion elkarrizketan, idazleak honela azaldu zuen bere jarreraren bilakaera: "Uste dut Jenisjoplin-en hasi nintzela ausartago izaten, eta Kontrako eztarritik-en, Dendaostekoak-en eta Hetero-n badagoela esateko atrebimendu hori. Zer da kontatu nahi dudana? Zer da ni zirraratzen nauena? Entzumenera nolabait ekarrita, bada: hasteko, nire barruari entzun diot".
Liburu horretako ipuinetan heteroaraua nola islatu duen honela azaldu zuen ARGIAko elkarrizketan: "Pertsonaia asko bi indar kontrajarriren artean tenkatuta daude: nahi dute aita hil eta aitari bizirik iraunarazi, deseroso daude baina ez dute jokoa uzten, aldi berean nahi dute hor egon eta hor ez egon. Gizakiaren adin guztiak ipuinean aitari bizirik eta indartsu eutsi nahi dion familia bat ageri da. Igeriketa erronka bat antolatzen dute aitak eta bere bi seme-alabek parte har dezaten, eta familiak dena prestatzen du aitak irabaz dezan. Alabak izugarrizko lasaitua hartzen du aitak oraindik irabaz diezaiokeela ikusten duenean, zerbait askatzen zaio paparrean. Aitaren zahartzaroak sortzen didan inpresiotik idatzi nuen ipuin hori; baina gizartera zabaltzen badugu, ez al da jokoa beti aitak irabaz dezan antolatzen?".
Beheko afixan ikusgai Azokaroaren ekitaldi guztiak: