argia.eus
INPRIMATU
'Utikan Euskadi Sariak' manifestua sinatu dute 30 idazlek

2007ko otsailaren 19a
Edorta Jimenez, 'Utikan euskadi Sariak' manifestua irakurtzen (Argazkia: Gorka Bereziartua)

Hogeita hamar bat idazle eta itzultzailek Utikan Euskadi Sariak manifestua aurkeztu zuten ostiralean (16) Donostiako Bulebarrean. Gaur arte, sariketa horren kontrako iritziak azaldu izan dira han hemenka, baina Jon Alonsok ARGIAren urtekarian idatzitako Euskadi Sariak artikuluak eztabaida sakonagoa piztu du. Hainbat idazlek egin dute bat egunotan Alonsok esandakoekin, eta manifestua urrats berria da. Sinatzaileek uko egiten diote Euskadi Sarietan parte hartzeari, "hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa". Diotenez, "sarion helburua ez da literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea". Aitzitik, "helburua egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen". Euren hitzetan, "horretarako antolamendu instituzionaletan behin eta berriz ageri den literatur aditu multzoaz eta zenbait erakunde gremialen dependentziaz baliatzen dira Euskadi Sariak". Edorta Jimenezek irakurri zuen agiria eta besteak beste, Txillardegik, Xabier Mendiguren Elizegik, Josu Landak, Koldo Izagirrek, Julen Gabiriak, Iñigo Aranbarrik eta Jon Alonsok sinatu dute. Manifestuari atxikimendua erakutsi nahi dienak www.utikan.com web gunean du horretarako aukera.