argia.eus
INPRIMATU
Urtaranen martxoaren 8rako proposamena, zuriketa moreagatik bertan behera
  • Gasteizko alkateak hurrengo proposamena egin zien Udaleko gizonei: martxoaren 8ra begira, argazki bateratua atera eta Euskal Gizonen Karta sinatzea. Egun baten buruan, bertan behera utzi behar izan proposatutako ekimena, inork babestu ez duelako.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 26a
Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea (Argazkia: Gasteizko Udala)

Hala Bedik astelehenean bertan eman zuen jakitera Urtaranek Gasteizko Udaleko gizonezko zinegotziei egindako proposamenaren berri. Arabako hiriburuko alkateak 2008an Gizonduz ekimenak publiko egindako “Berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako gizonen karta” aurkeztu zuen Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Bilkuran, Udaleko gizonezkoek martxoaren 8ari begira berau sinatzea eta argazki bateratu bat ateratzea proposatuz. Ekimena martxoaren 7an burutzea zen Urtaranen asmoa, greba feministaren bezperan.

Egun bateko tartean, proposamena eskuetan, bakarrik geratu da Gasteizko alkatea. Izan ere, proposamena gaitzetsi egin dute bai oposizioko alderdiek –EH Bildu, Podemos eta Irabazik– , zein Mugimendu Feministak.

Zuriketa Morea

Hala Bedik adierazi duen modura, Urtaranek mahaigaineratutako testuak ez du bat egiten Mugimendu Feministak grebari begira aldarrikatzen duenarekin, sindikatu eta alderdi politikoei argi utzi baitiete ondoko eskaria: bestelako deialdiak albo batera utzi eta Mugimendu Feministak egindako deialdiekin bat egitea. Hala bada, Mugimendu Feministak zuriketa morea egiten saiatu izana leporatu dio Urtarani.

Ez da astebete igaro Gasteizko Udaltzaingoak Talka espazio feminista hustu zuenetik. Bertako kideen arabera, hustea martxoaren 8aren ateetan eman izana “ez da kasualitatea, Talka espazio erreferentzial bat baita emakume* guztiontzat". Publiko egindako idatzian adierazten zutenez, “herri mailako antolakuntzarako oinarrizkoak diren espazioei eraso egiten dieten bitartean, instituzioak aurpegi garbiketa kanpainari ekin diote”.

Iragan urteko greba egunari dagokionez, bestalde, kartelak jartzeagatik eta grebarako deia zabaltzeagatik ere, Gasteizko Udalak isunak jarri zizkion Mugimendu feministari.