argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk gogorarazi du Txikik eta Otaegik errespetua merezi dutela biktima aitortuak direlako
  • Iñigo Urkullu lehendakari ohiak adierazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak direla, eta hala "errespetua" merezi dutela. Haien biktima izaera ezin dela zalantzan jarri azpimarratu du.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 18a
Zarautzen jarritako pankarta.

Urkulluk "gai delikatua" dela esan du, bere agintaldian "kontu handiz" lan egin zutela horretan, "giza eskubideekiko eta memoriarekiko errespetuaren helburuarekin, Euskadin bizikidetza politikoa eta soziala normalizatzeko". Hori horrela, gogorarazi du 2011 eta 2020 urteen artean egindako araudiak estatuaren biolentziaren biktimak babestea helburua daukala.

Honakoa adierazi dio Urkulluk Europa Press agentziari: "Giza eskubideen urraketen biktima diren heinean, errespetua merezi dute. Errespetu horrek berekin dakar, besteak beste, biktima izateari eragiten dioten edo zalantzan jartzen duten balorazioak ez egitea. Era berean, biktima orok merezi duen errespetuak ez luke bateragarria izan behar haien instrumentalizazio politikoarekin."

Txiki eta Otaegi frankismoak fusilatutako ETAko kideak ziren. Aurten 50 urte bete dira hil zituztenetik, haien memoriaren omenez, olana handi bat jarri zuten Zarautzen, Txikiren bizilekuan, Santa Barbarako horman. EAJk eta PSE-EEk, udalean agintean dauden alderdiek, olana kentzea eta botatzea agindu zuten. Herritarrek berreskuratu eta berriz ere jarri zuten Azken Portu auzoan. Sortuk salatu zuen Zarauzko Udalaren jarrera. Egun batzuetara Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsok polemika eragin zuten adierazpenak egin zituen. Txiki eta Otaegi ez zirela "askatasunaren alde borrokatu" esan zuen, "diktaduraren kontra borrokatu ziren, baina horren tresna berberak erabili zituzten: biolentzia, izua eta beldurra".

Txiki eta Otaegiren olana Zarauzko Azken Portuko auzoan. Sortu