argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute
  • Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua eztabaidatzeko eta aldaketak gutxinaka sartzen joateko denbora gehiago eskatu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko uztailaren 01
Eitb

Ekaina bukaeran jaso dute unibertsitatera sartzeko proba (USAP) eredu berria EAEn, datorren ikasturtean bertan indarrean sartzeko pentsatua. Gainera, irakasleek zalantza asko dituzten arren, Historiako USAPeko koordinatzaileek esan diete iraila erdialdean zehaztuko dutela bilera noiz egin, eredu berriaren inguruan hitz egiteko.

“Joan berri den ikasturtean proba aldatu dute, ez du funtzionatu, eta dena ezabatu eta goitik behera aldatu dute datorren ikasturterako; ez du zentzurik –adierazi dio ARGIAri Itsaso Aramendi Mutrikuko BHIko Historia irakasleak–. Proposatzen dugu aldaketak indarrean sartzea planifikazio eta aurreikuspen batekin. Beste ikasgai batzuetan 26-27 ikasturterako aurreikusi dituzte aldaketak, tartean trantsizio urte bat eginda. Historian ez. Eta ikasleen emaitzek kezkatzen gaituzte, bai USAPeko emaitzek, baina baita Batxilerrean izango dituzten emaitzek ere, zeren modu berrira egin beharko ditugu azterketak, trebatzeko, eta notak ikasturte honetan izugarrizko garrantzia du. Pentsa zer nolako inpaktua duen bat-batean ikasgaia goitik behera aldatzeak. Gainera, irakasleak ez gaude aldaketa honetarako prestatuta, zalantza asko ditugu”.

Egoera honetan, Historiako Batxilergoko bigarren mailako irakasle talde batek idatzia atera du, ikastetxeetan zabaldu, atxikimenduak lortu eta Historiako USAPeko bi koordinatzaileei eta USAPeko zuzendariari bidaltzeko. Funtsean, eskatzen dute azterketaren zailtasun maila aztertzea, galderen eta eskakizunen inguruan gogoetatzea, zalantzak argitzea, eta horretarako guztirako eredu berriaren aplikazioa ikasturte bat atzeratzea: “Ulertzen dugu aldaketa prozesu batean gaudela murgilduta, baina aldaketek progresiboak izan behar dute”.

"Pentsa zer nolako inpaktua duen bat-batean ikasgaia goitik behera aldatzeak. Gainera, irakasleak ez gaude aldaketa honetarako prestatuta"

Edukiak memorizatzen jarraitu, baina eduki gehiago

Proba konpetentzietan oinarritzeko, hainbat aldaketa izan ditu ereduak ikasturte honetan (ARGIAn honela kontatu genuen), baina ikasleek galdera-erantzunak memorizatzen jarraitu dutenez, aldatu egin dute eredua: epigrafeen kausak eta ondorioak galdetu beharrean, epigrafeen azalpena eskatuko dute, “eta berdina gertatuko da, ikasleek memorizatu egingo dituzte epigrafeak. Diferentzia handi batekin, 20 epigraferen kausak eta ondorioak izan ordez, 52 epigraferen garapena egitea eskatzen da”, kritikatu du idatziak. Alegia, ondorioa bera izango dela diote irakasleek, memoristikoa izango dela azterketa, baina eduki gehiago memorizatu beharko dituztela. “Ez da serioa”, kexu da Aramendi.

Gaitegi berria (orain arte baino eduki gehiagorekin), zehaztasun falta, Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzako eskakizun maila oso altua eta azterketa egiteko denbora gutxi. Horiek dira irakasleek zerrendaturiko kezketako batzuk.

Gaitegiko hainbat puntu ere aipatzen ditu idatziak: biolentzia terrorista, indar polizialak… landu behar dituzte, “eta gai horiek azaltzea garrantzitsua da, baina oraindik eztabaida sortzen duten gaiak dira, ez dago hausnarketa partekaturik irakasleon artean”, azaldu du Aramendik. Horregatik, EHUri eskatu diote berak har dezala epigrafe horien formulazio eta azalpenen ardura, “irakasle bakoitzaren esku” gelditu beharrean.

Bestalde, 2. mailako Batxilergoko ikasleak Historia edo Filosofia, bi ikasgaien artetik bat aukeratu behar du USAP proban egiteko, eta halako aldaketek, eskakizun mailak eta eredua aurkezteko moduak ikasleek Historiari uko egitea dakar. Hala iritzi dio irakasle talde honek, eta joerak kezkatzen ditu. Hain justu, USAP proban Historia aukeratzen zuten ikasle gehienek Filosofiaren aldean, baina joan den ikasturtean, eredu berria tarteko, joera hori aldatu egin zen, eta honek guztiak joera indartu baino ez duela egingo uste dute Historia irakasleek.