argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Umeak, poliziak, mikrobihotzekoak

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko maiatzaren 13a
Lehen Hezkuntzako umeak Ertzaintzaren komisaria bati bisita egiten, 2023an. Bihotz Gaztea ikastola

Lehenbiziko mikrobihotzekoa: euskarazko udal jarduera bat, bizpahiru urteko dozena bat haur jolasean parkean, gurasoak inguruan, haurretako bat hurbildu zait ondora, zast!, arnasa moztu dit eskutxoan daraman eskumuturrekoak: Ertzaintza. Blue Lives Matter (“Polizien bizitzek axola dute”). AEBetako Poliziaren eskuin muturreko mugimendua da Blue Lives Matter, Georde Floyd-en hilketaren ostean –“Ezin dut arnasa hartu”– sortutako Black Lives Matter (“Beltzen bizitzek axola dute") mugimenduaren aurka sortutakoa. Mikrobihotzekoaren erreplika: nire asaldura guraso lagun batekin partekatu, eta ez dela harritzen, bere bikotekidea berriki kirolerako Whatsapp batean sartu dela eta kide batek semearen argazkia jarri duela estadoan, Ertzaintzaren logoaz eta “nagusitan Polizia” leloaz lagundurik.

Bigarren mikrobihotzekoa: Plaza Berrian eszenario huts bat dago, hesiez inguratua inor igo ez dadin, baina haurrak goian batera eta bestera korrika, eta gurea ere abiatu da arrapaladan. Lau urteko bi neskato hurbildu zaizkit, gaztelera jatorrean: “Jauna, ezin da eszenariora igo”; "eta hori zergatik?"; “Poliziak esan du”. Ni heldu guaiarena egitera –ustez–, irribarretsu: “Beno, batzuetan Poliziari ez zaio kasurik egin behar, beraiek ohartu gabe beti ere”; “Ah! Ba bere aita Polizia da!”; “Bai, deituko dut? Papa!!! Papa!!!”. Korrika batean umea oholtzatik eraman eta aldendu egin naiz, ondoko kuadrillako gizonetako bat modu txarrean hurbilduko zaidanaren beldurrez, lagunkiro hurbilduko zaidanaren izu-laborriz. Mikrobihotzekoaren erreplika: guraso lagun batekin partekatu dut tragikomedia, eta ez dela harritzen, bere lau urteko alabaren gelakide baten aita ertzaintza dela, ondoan duena egurtu zalea dela –kasualitatea izan daiteke–, eta horrelakorik ezin duela egin esaten diotenean erantzuten duela, “Zu ixo, nire aita etorriko da, atxilotuko zaitu eta espetxeratu” –ez da kasualitatea–. Hori dena bi asteren buruan.

Garai ez hain urrunean poliziak “funtzionarioak” ziren esparru publikoan. Orain, antza, ozen aldarrikatu ez ezik seme-alabak erabiltzen dituzte harro beren ogibidea publizitatzeko

Garai ez hain urrunean poliziak “funtzionarioak” ziren esparru publikoan. Orain, antza, ozen aldarrikatu ez ezik, seme-alabak erabiltzen dituzte harro beren ogibidea promozionatzeko. Batzuek ekintza politiko kontziente gisa egingo dute; beste batzuek natural-natural, pentsatu gabe, sintoma are kezkagarriagoa dena: adierazten baitu biolentziaren profesional ogibidea normalizatu egin dela gure herrian.

Poliziak funtzio eta jarrera pertsonal-politiko berberak mantentzen baditu ere –galde diezaietela pertsona arrazializatuei, militanteei, Villabonako Xubanen begiari, ZIUra bidali zuten Realeko zaletuari, Irungo herritar umiliatuari...– bere izatea despolitizatzen ari da, beste edozein enpleguren pareko bailitzan. Honatx beste gertakari bat adibide gisa, hau aspaldikoa: ordu txikitan Jimmy Jazz aretoan, bozgorailuetatik No hay tregua, lagun baten nazka aurpegia ikusi eta zer gertatzen zaion galdetzera hurbildu, “ikusten tipa hori?”, “ETA, ETA, ETA-ETA-ETA!” oihuka dena ematen ari den pertsona seinalatuta: “Ba zipaia da”.

Eta azken adibide bat, kontrako noranzkoan: Gasteizko hainbat mugimendu ‘erradikaletako’ militante ohiaren 2X2 gorputza munipa uniformean sartuta topatu dezakezu egun, garai bateko borrokakideak agurtzeko prest, hori bai. Akaso ni naiz bakarra azkenaldian gure giro oro har progre-an horrelako elkarrizketak dituena: “Gogoratzen urlia? Ba, Poliziarako lan oposizioak prestatzen ari da”. Baina ez dut uste.

Politizatu, desnormalizatu eta ekarri dezagun lehen lerrora Poliziaren arazoa, poliziek beren burua funtzionario gisa agertzera bueltatu daitezen, edo behintzat beren seme-alabak ez ditzaten erabili publizitate euskarri gisa. Demokraziaren izenean, bizitzen ari garen eldarnio autoritario eta militaristari balazta jartzeko. Edo, besterik ez bada, osasun publikoaren izenean: bihotz sentsibledun pertsonak mikrobihotzekoz mikrobihotzeko bizi ez gaitezen.