argia.eus
INPRIMATU
Ukraina: egoeraren mapa Janukovitx erori ostean
  • Joan den ostiraleko akordioa ez da nahikoa izan Viktor Janukovitxentzat Ukrainan botereari eusteko. Zenbaitek estatu kolpe gisa definitu dute asteburuan gertatutakoa.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko otsailaren 24a
Janukovitxen kontrako istiluetan hildako ugari izan dira azken asteetan (argazkia: AFP).

Janukovitx buru zuen gobernuak eta oposizioko indarrek ostiralean adostu zuten hauteskundeak aurreratzea eta Julia Timoxenko presidente ohi kontserbadore eta EB zalea kartzelatik ateratzeko aukera irekitzea. Neurriarekin, azken asteetan Kieveko kaleak astindu dituen indarkeria oldearekin amaitu nahi zuten bi parteek eta Janukovitxek aire pixka bat hartu, herrialdeko egoera egonkortzen saiatzeko.

Baina adostasun horren gainetik pasaz, joan den larunbatean Ukrainako parlamentuak Janukovitx kargugabetzea erabaki zuen, baita presidentearen sinadurarik gabe Timoxenko askatzea ere.

Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuek Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) eskatu diote orain boterea hartzen dutenekin (Timoxenkoren oso gertuko Alexander Turtxinovek hartu du behin-behineko presidente kargua), berritu dezatela Ukrainako istiluen iturburuan zegoen eskaintza: Ukrainari herrialdearentzako laguntza ekonomiko sorta onartaraztea, alegia.

Janukovitxek nahiago izan zuen NDFren laguntza ekonomikoa baino Errusiarena. Arrazoien artean, Mendebaldetik zetorren goxokia, Europako beste estatu batzuei eman zaiena bezala, pozoinduta zegoela. Mailegua ematen duen erakundeak Ukrainako politiketan zeresan handia izango duela dirudi orain.

Gertakarien analisia egiterakoan harago doanik ere bada: Immanuel Wallersteinek Mexikoko La Jornada egunkarian idatzi duenez, AEBen eskua dago Ukrainakoaren atzean eta, zehazki, Europar kontinentea Paris-Berlin-Mosku ardatzaren arabera egituratzearen kontra ari dira estatubatuar kontserbadoreak Bushen garaitik.