argia.eus
INPRIMATU
UEMAK 25 urte: ez daitezen erdaldundu udalerri euskaldunenak
  • Maiatzaren 5arekin sortu zen UEMA duela 25 urte. Urteurren ekitaldian, herri euskaldunenetan ere euskararen erabilerak behera egin duen garaian, beharrezkotzat jo dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 06a
Maiatzaren 5ean elkartu ziren Aizarnazabalen UEMAko udalen ordezkariak, erakunde publikoetakoak, eta sorreran ibilitakoak. Argazkia: UEMA.

“Lurraldea eta Hizkuntza” lehenengo jardunaldietan erakutsi zuen irudi koloretsua Iñaki Iurrebaso soziologoak. EAEko udalerri erdaldunenak erakutsi zituen euskararen ezagutzan eta erabileran gora egiten. Aldiz, udalerri euskaldunenetan (UEMAn euskaldunak %70etik gora diren udalerriak sar daitezke) ezagutzak ez du gora egin eta erabilera behera egiten hasia da.

19 udalen artean sortu zuten UEMA eta gaur egun 73 dira. Badago zeregina euskara ia bizitzako eremu guztietan nagusi den herrietan ere. Aurrera begira badira kezkak, ahulguneak, baina lortutakoak ere gogoratu zituzten maiatzaren 5ean Aizarnazabalen egindako ekitaldian. Udalek herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko bitartekoak jarri dituzte; herritarrak ahalduntzeko proiektuak sortu dira, duela gutxi gaztetxoak ahalduntzeko egitasmoa jarri da abian Urola-Kostako hainbat ikastetxetan; eragin linguistikoa ebaluatzeko (ELE) tresna sortu dute eta Udal Legean lege babesa lortu du; eta udaletako aktak euskaraz idatzi ahal izatea lortu da. Josu Labaka UEMAko lehendakariak adierazi zuenez, tropelari tiraka jarraitzeko asmoz dabil UEMA.