Pentsatu duzu inoiz herriko euskararen erabileran eragin dezakezunik?

  • UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) ikastetxez ikastetxe ibili da irakasleei soziolinguistikaz prestakuntza eskaintzen. Helburua: irakasleek ikasleak haien herri euskaldunetako egoera soziolinguistikoaz jabearaztea, euskararen aldeko jarrera bultzatzea eta eragile bihurtzea.

Esperimentazio fasea bukatu da eta apirilaren 13an UEMAk lehen fasearen emaitzak ezagutarazi zituen, Urola Kostako Berritzegunean, Zarautzen. Aurkezpena, parte hartu duten zazpi ikastetxeetako ikasleen, irakasleen, herrietako euskara teknikarien, hezkuntz
Esperimentazio fasea bukatu da eta apirilaren 13an UEMAk lehen fasearen emaitzak ezagutarazi zituen, Urola Kostako Berritzegunean, Zarautzen. Aurkezpena, parte hartu duten zazpi ikastetxeetako ikasleen, irakasleen, herrietako euskara teknikarien, hezkuntzako eragileen eta kazetarien aurrean egin zen. Argazkia: Gorka Rubio/Argazki Press

Fer aitak Inhar haurra igeriketa ikastarora eraman nahi du, baina konturatu da euskaraz ez dutela eskaintzen. Eskaera egin du. Pediatrarengana joan denean gauza bera gertatu zaio, eta pediatra euskalduna eskatu du. Bi eskaerak bete dituzte. Aldaketa horien onurak Inharrentzat soilik izango al dira?

Esperientzia pilotu moduan, zazpi ikastetxetan ikasleekin egindako ariketa asmatuetako bat da kontatu berri duguna. Adibide horretan, norberak emandako pausoak askorentzat onura izan daitezkeela erakutsi nahi die irakasleak ikasleei. Zerbitzua euskaraz eskatzen baduzu, eta lortzen baduzu, ondorengo euskaldun guztientzat baliagarri izango da.

12tik 18 urtera bitarteko gazteek egindako beste ariketa bat: Ikerrek 35 urte ditu, Haranalden (herri hipotetikoa) bizi da eta euskaltegian bi urte daramatza. Zer garrantzi ote du beretzat Kilkermendi, Sagastigain eta Garaiotz inguruan izateak? Haranaldek 17.000 biztanle dauzka eta euskararen ezagutza %51koa da. Beste hiru herrietan ezagutza %81etik gorakoa da.  Ariketa horren bidez, ezagutza eta erabilera portzentaje oso handiko herriek euskara ikasten eta erabiltzen zenbateraino eragin dezaketen erakutsi nahi da.

Hausnarketa eta eztabaida pizteko galdera gehiago ere egin dizkiete ikasleei: Luisa Kilkermendin bizi da, Haranaldeko azokara joaten da egunero barazkiak saltzera. Zergatik dira herrietako azokak euskaldunagoak supermerkatu handiak baino? Eta beste hau ere bai: Aratz eta Ekhiñe parrandara irteten dira eta askotan ez dute euren gustuko musika jartzen, eta beti eskatzen ibiltzen dira: Zea Mays, Berri Txarrak, Hesian, Esne Beltza... Zer eragin dauka horrek Haranaldeko parrandan?

Zer gertatzen ari da zure herrian?

Esperientzia pilotuan parte hartu duten 400 ikasleak udalerri euskaldunetan bizi dira, (UEMAn euskara ezagutza %70etik gorakoa duten udalerriak sartzen dira). Azken hamarkadatako emaitza soziolinguistikoek erakutsi dute udalerri euskaldunenetan euskararen ezagutza behera egiten hasia dela, baita erabilera ere. Josu Labaka UEMAko lehendakariaren hitzak dira: “Alarmak piztuta ditugula onartu behar dugu”. Udalerri euskaldunak euskaldun izaten jarraitzea nahi bada, ez da nahikoa egoera soziolinguistikoaren erretratua egitea. Herritarrek jakin behar dute zer ari den gertatzen beraien herrietan, “eta ahaldundu behar dira. Herrietan lanean hasita gaude, baina hezkuntzan aritzea ere beharrezkoa da. Gaur ikasle direnek jakin behar dute zer gertatzen ari den, eta askatasunez bakoitzak erabakiko du horren aurrean zer egin”.

Xabi Aizpurua UEMAko teknikaria aritu da irakasleei prestakuntza saioak eskaintzen, eta berak, Labakaren hitzak beste modu batez laburbildu ditu: “Gaur soziolinguistika landu nahi dugu, bihar ikasleen jarreretan aldaketak emateko aukera zabaltzeko, eta etzi, herriek nagusiki euskaraz jardun dezaten lor genezake.

Euskara Euskal Herrian hizkuntza nagusia ote?

Soziolinguistika, arnasgune kontzeptua eta hizkuntza ekologiaren inguruko diskurtsoa landu dituzte ikastetxeetan. Galdera berberak bi aldiz egin dizkiete ikasleei; lehenengo kolpean gaiaren inguruan inolako ariketarik, eta beraz, hausnarketarik egin gabe. Artikulu hasieran aipatu ditugun moduko ariketak eginda gero, bigarren aldiz galdetu diete. Ikasleen erantzunak beltzetik zurira aldatzen ez badira ere, irakasleek antzeman dute hiru hilabeteko esku-hartzea.

Esku-hartzeen lau adibide azalduko ditugu. Batean hizkuntzen arteko oreka landu dute. Gehiengoa hizkuntza guztiak indartsu bizitzearen alde agertu da (DBH3koen %82 eta DBH4koen %90). Batez beste, %84 hizkuntzen arteko desoreken aurrean ahulenen alde neurriak hartzeko prest egongo lirateke. Bada, ikasgelan ariketak eginda, neurriak hartzearen alde %20 gehiago agertu da. Euskal Herrian euskara hizkuntza nagusia ala gutxitua den ere galdetu diete. Jarduerarik egin gabe, %31k uste du euskara Euskal Herrian hizkuntza nagusia dela, eta aldiz, irakasleekin gaia landu ondoren, erantzun zuzena (euskara ez dela hizkuntza nagusia Euskal Herrian) %12 hazi da, guztira %57 izatera iritsiz. Arnasgune kontzeptua –hizkuntza gutxitua normaltasunez erabiltzeko baldintzak dauden herriak kasu honetan– ere landu dute. 10etik 9k ez zuen inoiz entzun. Ikasleek arnasguneen izaera aldakorraz hausnartzeko aukera izan dute. Hots, udalerri euskaldunean bizitzeak zer esan nahi du, beti izango dela udalerri euskalduna? Ez dute ezagutzak eta erabilerak atzera egingo? Herritarrak lasai bizi daitezke atzerakadaren kezkarik izan gabe? Kezkatzeko arrazoirik ez dagoela uste du ikasleen %27,72k irakaslearekin gaiaz hitz egin aurretik, eta ondoren, %9k.

Beste ariketa batean euskara indartzeko norberak zer egin dezakeen eztabaidatu dute. Jarduerak eginda, %17 igo da zer egin dezaketen badakitela dioten ikasleen kopurua.

400 ikasle 7 ikastetxetan

Zazpi ikastetxetan egin dituzte saioak, Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaian. 400 ikasle inguruk hartu dute parte.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak izan dira.

UEMAn dauden 73 udalerrietan Haur Hezkuntzako 90 zentro, Lehen Hezkuntzako 87, DBHko 48, Batxilergoko 20 eta Lanbide Heziketako 13 daude. Oraingoz, DBH eta Batxilergorako dauka UEMAk materiala prestatuta. 2016-2017 ikasturtean maila horietako ikastetxeetan aritzea izango dute helburu.

UEMAren asmoa lau bat urtean hezkuntza kate osorako materiala prestatu eta ikastetxe guztietara zabaltzea da. -UEMAko kide diren udalerri asko txikiak dira eta ez dute DBH eta Batxilergorik. Beraz, txikiagoentzako materiala prestatzeak garrantzi berezia du.


ASTEKARIA
2016ko apirilaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


Eguneraketa berriak daude