argia.eus
INPRIMATU
"Udalerri Euskaldunetako Haurrak eta euskara" ikerlana
Gero eta lehenago hasten dira gaztelaniaz udalerri euskaldunetako haurrak
  • "Udalerri Euskaldunetako Haurrak eta euskara" ikerlana egin dute Soziolinguistika Klusterrak, UEMAk eta EHUko Dream taldeak. Udalerri euskaldunetako zazpi ikastetxetako haurrekin, helduekin, eta herriko eragileekin euskararen egoera aztertu dute, haurren gaztelaniaranzko joeraren arrazoiak identifikatzeko helburuz.

Lide Iraola 2022ko azaroaren 23a
Orion abiaturiko kanpaina

Haurren hizkuntza ohiturak herrian ikusitakoaren eta helduengandik jasotakoaren isla dira. Hortaz, ezinbestean aldatu dira gazteenen hizkuntza dinamikak eta mundu ikuskera. “UEH Udalerri Euskaldunetako Haurrak eta euskara” ikerketak azalarazi du haurrek gaztelania gero eta lehenago berenganatzen dutela. «Gaztelaniarako hizkuntza muda egiten da nerabezaroan, haien nortasunaren eraikuntzan jokoan sartzen diren beste eragile batzuek duten indarrarengatik».

Soziolinguistika Klusterrak, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta EHUko Dream ikerketa taldeak egin dute ikerketa. Azkenaldian argitara atera dira, halaber, egoera soziolinguistikoari begirako datu gehiago; besteak beste, UEMAk joan den astean argitaratu zuen euskararen erabilerak beherakada nabarmena izan zuela herri euskaldunetan ere. Bestalde, joan den urtean Soziolinguistika Klusterrak jakinarazi zuen haurren artean euskararen erabilerak bost puntuko igoera izan zuela udalerri hauetan: 70,5etik % 75,7ra.

Hego Euskal Herriko udalerri euskaldunetako zazpi ikastetxe aztertu dituzte "Udalerri Euskaldunetako Haurrak eta euskara" ikerketan –UEMAk udalerri euskaldun gisa hartzen ditu biztanleen %70 baino gehiagok euskara menperatzen duten udalerriak–.  Bizkaian Dimako Ugarana eta Bermeoko San Frantzisko eskola, Gipuzkoan Ikaztegietako herri eskola eta Azpeitiko Iraurgi eta Nafarroan Berako Ricardo Baroja eskola eta Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastola eta Araban Aramaioko San Martin eskolan egin dute ikerketa. Ikastetxe horietako 5. mailako ikasleekin landu dute proiektua, baita irakasleek, gurasoek eta herriko eragileekin ere. Guztira, 139 haurrek eta 43 helduk parte hartu dute

Hala dio ikerketaren emaitzarekin argitaratu duten txostenak: “Jasotako erantzun eta hautemate asko ezkorrak diren arren, datuek ez dute euskararen egoeraren atzerakada dagoenik esaten”. Baina egoera aldatu dela ondorioztatu dute, eta lehen indargune ziren faktore ugari ahuldu direla. Zehazki, 148 faktore identifikatu dituzte: horietatik 33 eskola-mailan kokatzen dira, 25 herrietan, 53 Euskal Herriko fenomenoak dira, 9 orokorrak eta, bukatzeko, 28 faktorek ikus-entzunezkoekin daukate lotura, euskararen kalterako dira.

Ikerketak ertz asko ditu, baina lantaldeak ondorio orokor batzuk atera ditu. Batetik, ikasgelan euskara da hizkuntza nagusia, baina handik kanpo erabilera gutxitu egiten da. Horren faktore gisa hartu dute haurrek identifikatuta izatea herriko zonaldeak hizkuntza jakin batekin: adibidez, eskola euskararekin eta futbol zelaia gaztelaniarekin.

Bestetik, belaunaldien arteko arrakala antzeman dute, eta euskararekiko kontzientziazioarekin lotu dute. Alegia, euskararen biziberritze prozesua moteldu egin dela, militantziarekin batera. Ildo beretik, ondorioztatu dute herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, “hiztun komunitatea banatuta dagoela eta horrek euskararen erabileran eta harekiko atxikimenduan eragiten duela”.

Hala ere, ez da dena norbanakoen kontua, eta euskara sustatzeko baliabide falta gaitzetsi dute. Atzerritar haurrak gehien biltzen diren eskoletan, adibidez, ezin dute baliabide estandarrekin euskararen erabilera bermatu, eta adierazi dute “atzerritar jatorrikoen integrazioa lehentasuna” izan behar dela.

Herriz herriko faktoreak aztertu eta amankomunean jarrita, ikerketaren lantaldeak hiru herri mota bereizi dituzte: haurrentzako arnasguneak, udalerri euskaldun estandarrak eta udalerri euskaldun erasanak. Lehenengoetan, haurrek euskara erabiltzen dute nagusiki, eta hortaz gain, kontzientzia maila handia da eta euskararen aldeko ekimenak jarri dira martxan. Estandarretan, haurrek gehienbat euskaraz hitz egin arren erabilera beherantz doa eta ez dago horri aurre egiteko militantzia artikulaturik. Azkenik, erasanetan, haurren artean gaztelania nagusi da.

Etorkizunari begira, esku-hartzeko alor ugari identifikatu dituzte. Hala ere, ikerlariek gogora ekarri dute badaudela baikorrak izateko arrazoiak ere, eta indarguneak zehaztu dituzte: besteak beste, aztertutako udalerrietan eskoletan euskara dela hizkuntza nagusia, eta "neurri handi batean", baita eskolaz kanpo ere. Baita haurrek euskarari eusteko gaitasuna dutela ere, nahiz eta ingurukoek gaztelaniaz hitz egin.