Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela salatu dute, eta batasunetik erantzuteko beharra azpimarratu.
Voxek auzitara eraman eta gero, 2023ko irailean EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen udaletan eta tokiko erakundeetan euskara normalizatu eta biziberritzea xede duten 179/2019 dekretuaren artikulu ugari. Ebazpen horri helegitea jarri zion Eusko Jaurlaritzak, eta joan den astean Gorenak ere atzera bota zituen ia guztiak. Sententzia hori salatu eta hizkuntza politiketan "jauzi bat" emateko garaia dela aldarrikatu dute berrehundik gora alkatek, udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkarik ostegun goizean Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean eginiko agerraldian.
Berrehun ordezkarien artean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako prentsaurreko bateratuan izan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Martin Aramendi (UEMAko lehendakaria eta Ataungo alkatea), Irune Urbieta (UEMAko lehendakariordea eta Zarauzko alkatea) eta Esther Apraiz (Derioko alkatea eta Eudeleko lehendakaria), batzuk aipatzearren. Idurre Eskisabelek salatu du Gorenak ebatzitako sententziak udal gobernuei udalerri bakoitzerako hizkuntza politika "askatasunez garatzeko eskumena" ukatzen diela: "Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da".
Eskisabelek azaldu du euskararen egoera "larria" dela eta Gorenak emandako sententzien gisakoak ez direla bateragarriak euskararen normalizazioarekin: "Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak". Horrez gain, gaitzetsi dute "euskara minorizaziotik ateratzeko" ekintza positiboak behar direnean biderkatu egin direla neurri horien aurkako sententziak.
Batasunerako deia
Egungo egoeraren aurrean, batasunerako deia egin du Eskisabelek: "Euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko". Horretarako, euskararen erasoei "aurre egitera mugatu" beharrean, aurrera egiteko garaia dela aldarrikatu dute agerraldian.
"Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena", adierazi du Eskisabelek. Horregatik, prentsaurrekoan izan diren alkate eta udal ordezkariek konpromisoa hartu dute "euskararen erabilerak dagokion lekua izateko beharrezko neurriak" hartuko dituztela: "Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko".
Alkateen zerrenda osoa
EAEko udalerrietako alkate hauek izan dira ostegun goizeko prentsaurrekoan: Martin Aramendi (UEMAko lehendakaria eta Ataungo alkatea), Irune Urbieta (UEMAko lehendakariordea eta Zarauzko alkatea), Esther Apraiz (Derioko alkatea eta Eudeleko lehendakaria), Nadia Nemeh (Bermeo), Gorka Álvarez (Sestao), Xabier Lertxundi (Hernani), Iban Rodríguez (Leioa), Maider Morras (Arrasate), Iñigo Hernango (Galdakao), Juan Mari Aburto (Bilbo), Asier Iragorri (Basauri), Nagore Alkorta (Azpeitia), Mireia Elkoroiribe (Durango), Ainize Gastaka (Laudio), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Teo Alberro (Pasaia), Leire Artola (Beasain), José Manuel Villanueva (Oion), Lander Aretxabaleta (Zamudio), Mikel Arregi (Zestoa), Roland Isoird (Berriz), Aitor Garagarza (Plentzia), Ekaitz Pau (Gorliz), Joana Mendiburu (Oiartzun), Kepa Zubiarrain (Lazkao), Gorka Artola (Bergara), Eric Gálvez (Legazpi), Mikel Urrutia (Abadiño), Alazne Txurruka (Deba), Naia Landa (Sondika), Igor Zapirain (Ibarra), Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballes), Nerea Bengoa (Legutio), Iñaki Agirre (Legorreta), Mikel Larrazabal (Gatika), Txelo Auzimendi (Asparrena), Amaia Guenetxea (Sopela), Alberto Ugarritza (Zaratamo), Mari Tere Artetxe (Morga), Egoitz Luisa Urkola (Anoeta), Patrik Saitua (Gautegiz Arteaga), Haritz Alberdi (Getaria), Erlantz Urresti (Maruri-Jatabe), Eneritz Azpitarte (Zaldibar), Mikel Magunazelaia (Forua), Olatz Lezeta (Antzuola), Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster), Enetz Ezenarro (Mendaro), Aiora Arrieta (Eibar), Gorka Murua (Irura), Jon Artabe (Amorebieta-Etxano), Ioritz Berra (Zaldibia), Eneko Lekue (Etxebarri), Asier Agirre (Aramaio) eta Aitor Basterretxea (Ondarroa).