argia.eus
INPRIMATU
Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon
  • Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 21
Txikiren eta Otaegiren murala erasoa eta gero. Ernai Durango

Txikiren eta Otaegiren omenez Durangon egindako muralari eraso egin diote. Ernaik salatu du erasoa, eta komunikatu batean azaldu dute, "memoriak eta askapen prozesuak mehatxupean" jarraitzen dutela. Horren adibide jarri dute muralaren kontrako erasoa eta Durangon aurten bizitako bestelako erasoak.

Murala Ernaik berak egin zuen, sare sozialetan margotzeko prozesuaren bideoak argitaratu zituzten.  Zuen borrokak darrai. Ekin eta bultza askatasunera leloa zuen muralak, Txikiren eta Otaegiren aurpegiekin batera. Erasoaren ondoren, aipatutako guztia ezabatu dute eta gainetik etarras idatzi dute. 

"Eraso faxistek eta espainolistek ez dute lekurik ez gurean, ez beste inon" adierazi dute gazte antolakundetik. Hori horrela Txikiren eta Otaegiren murala berregitera dei egin diete durangarrei, ostegunean, 18:30ean. Modu berean, Euskal Herriko gazte guztiei dei egin diete irailaren 14an Donostian egingo duten mobilizazioan parte hartzera. 

Erasoa gertatu da Txikiren eta Otaegiren memoriaren inguruan piztutako polemikaren erdian, tartean Zarauzko olanaren zentsuraren harira, Gogora institutuko zuzendariaren eta Urkulluren adierazpenak eragin dituena .