"Epai hau ez da soilik Guvenen eta DTKren aurkakoa; kurdu guztien eta Turkiako oposizioaren kontrakoa da", HDP alderdiaren arabera. 2018ko azarotik 2019ko maiatzera, 200 eguneko gose greba egindakoa da Guven –eta beste ehunka preso kurdu borrokara juntaturik, nazioarte mailan ere Turkiako Gobernuaren jarrera errepresibo eta antidemokratikoaren berri ematea lortu zuten–.
Jazarpen politiko bortitz bat gehiago Leyla Guven militante kurduaren kontra: 22 urteko kartzela zigorra ezarri dio Turkiako Justiziak, "talde terrorista bateko kide" izatea eta "propaganda zabaltzea" egotzita. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatu ohia izateaz gain, abokatua eta DTK Gizarte Demokratikoaren Biltzarreko –Ipar Kurdistango autonomiaren aldeko eragileak biltzen dituen plataforma– presidenteetako bat ere da.
Deklaratzera deituta zegoen, baina ez zen agertu auzitegira. Epaiarekin batera, hura berehala atxilotzeko eskaera egin du auzitegiak. Guvenen abokatuak, berriz, epaiari helegitea jarriko diola aurreraturik du.
Haserrea eta injustizia sentimendu jasangaitza piztu du beste behin ere Turkiaren posturak. "Epai hau ez da soilik Guvenen eta DTKren aurkakoa; kurdu guztien eta Turkiako oposizioaren kontrakoa da", HDP alderdiaren arabera. Kurduez gain, oposizioko alderdiek ere gogor kritikatu dute epaia, eta Recep Tayyip Erdogan eta AKP alderdia egin dituzte erantzule.
Iragan ekainean atxilotu zuten Guven, Musa Farisogullari HDPko diputatu ohia eta Enis Berberoglu CHP alderdi sozialdemokratakoarekin batera. Atxilotu eta lau egunera, fidantzapean aske utzi zuten, baina parlamentari kargua kendu zioten.
Gose greban 200 egunez egondako militantea
2018ko azaroan gose greba abiatu zuen Guvenek –beste ehunka preso kurdu borrokara batuz–, aldarrikapen bakarrarekin: Abdullah Oçalan buruzagi presoaren 20 urteko isolamenduaren amaiera. 200 egun pasa zituen jan gabe. Gose grebalari kurduen mugimenduaren berri eman zuen ARGIAk Gose grebalari kurduak justizia eske erreportajean. Urte horretako urtarrilean atxilo eta preso sartu zuten Guven.