Igandean Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu mobilizatu ondoren, AEBetako armadak jakinarazi du beste 2.000 soldadu eta 700 marine bidaliko dituela Los Angelesera, etorkinen aurkako sarekaden harira piztutako protestak oztopatzera. Bitartean, Etxe Zuriaren eta Kaliforniako Gobernuaren arteko tentsioa areagotzen ari da: herritarrei barkamena eskatzera dei egin die Trumpek Karen Bass Los Angeleseko alkateari eta Gavin Newson Kaliforniako gobernadoreari.
ICE AEBetako Inmigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak etorkinen aurka eginiko sarekaden harira piztutako protestek Los Angeleseko (Kalifornia) kaleak astintzen jarraitzen dute. ICEk hiri horretako hainbat merkataritza gune izan zituen jomugan joan den asteko asteazkenean, eta gutxienez 100 lagun atxilotu zituzten South Central, Boyle Heights eta Koreatown guneetan. Sarekada horiek gertatu eta hurrengo egunean piztu ziren manifestarien eta Poliziaren arteko lehen istiluak, eta geroztik Los Angelesen soilik ez eta Kaliforniako beste hainbat hiritan ere izan dira protestak.
Manifestariei aurre egiteko, Donald Trump AEBetako presidenteak Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu mobilizatuko zituela jakinarazi zuen igandean. AEBetako armadak astelehen arratsaldean baieztatu du dispositibo horri Guardia Nazionaleko beste 2.000 soldadu eta 700 marine gehituko zaizkiola. Beraz, geroz eta dimentsio handiagoa hartzen ari diren protestei aurre egiten arituko direnak 5.000 soldadu inguru izango dira.
Izan ere, Etxe Zuriko maizter bigarren aldiz izateko hauteskunde kanpainan, Donald Trumpek behin eta berriz hitzeman zuen presidentetzara heldu bezain laster "AEBentzako mehatxu diren etorkin ilegal guztiak" kanporatuko zituela. Horretarako, ICEren papera indartu du AEBetako presidenteak, eta zenbakiek hori erakusten dute: Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren arabera, urtarrilaren 20tik apirilaren 29ra 142.000 pertsona deportatu dituzte AEBetan. Gainera, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du Trumpen administrazioak abiatutako deportazioek hainbat oinarrizko eskubide urratzen dituztela: atxiloketa arbitrarioetatik babesteko eskubidea eta legearen aurrean berdintasuna bermatzeko eskubidea, besteak beste.
Etxe Zuriaren eta Kaliforniako Gobernuaren arteko tirabirak
Etorkinen aurkako sarekadek eragindako haserreaz gain, beste auzi bat utzi dute agerian Los Angelesen piztutako istiluek: hain zuzen, Etxe Zuriaren eta Kaliforniako Gobernuaren arteko arrakala. AEBetako Alderdi Demokrataren gotorleku gisa ezagutu izan ohi da Kaliforniako estatua, eta estatu horretako gobernadore den Gavin Newson demokrata eta Trump elkarri akusazioak egiten aritu dira azken egunetan. Horrez gain, herrialdeko komunitate latino handiena bertan bizitzeak –PPIC Politika Publikoen Kaliforniako Institutuaren arabera, bertako biztanleen %40 dira latinoak– protestek babes handia izatea eragin du.
Newsonek larunbatean adierazi zuen Guardia Nazionala bidaltzearekin Etxe Zuriak "espektakulua" bilatu nahi duela, eta astelehenean iragarritako marineak ere mobilizatzeko erabakia "alferrikakoa" dela adierazi du: "Soilik presidentearen egoa handitzeko asmoa du". Gainera, azken egunetan ICEk Kalifornian areagotutako etorkinen aurkako sarekaden harira, Kaliforniako gobernadoreak Tom Homan AEBetako migrazio politiketako arduradunari galdetu zion ironikoki ea bera ere atxilotuko zuten. Trumpek Etxe Zurian astelehenean kazetarien aurrean eginiko agerraldian Newson atxilotuko lukeela adierazi du.
Salaketa Trumpi, tropak bidaltzearen inguruan
Gobernadoreak eta Kaliforniako fiskal nagusiak astelehenean iragarri dute Trumpen administrazioa salatu dutela, estatu horretara Guardia Nazionala "legez kanpo" eta gobernu federalaren agintea "gehiegikeriaz" erabiliz bidali zuela argudiatuta. Trump, ordea, ez da kikildu horren aurrean, eta Newsoni eta Karen Bass Los Angeleseko alkateari dei egin die Kaliforniako herritarrei barkamena eskatzera, protestak amaitzeko egin duten "lan penagarria" dela eta.