1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak (TAB) errieta egin dio Espainiari.
NBEko TABek egindako txostenaren arabera, badira zentzuzko nahiko froga adierazten dutenak Raul Fuentes bilbotarra torturatua izan zela bere atxiloaldian, 1991n. TABek hainbatetan salatu izan di Espainiako Estatua honek tortura kasuak ez dituelako behar bezala ikertu; baina kasu honetan, gainera, gogorarazten du nazioarteko legediaren arabera torturak ez duela preskribitzen, hark torturatuan bizitza osorako uzten dituen ondorioengatik.
Giza Eskubideen Behatokiak eman du informazioaren berri eta Naiz-ek kasuaren nondik norakoak jaso ditu. Datorren asteartean Behatokiak kasuaren informazio zabalagoa emango du.
Fuentesek bere garaian salatu zuenez, atxilotu zutenean torturatu egin zuten, eskua zabalik eta hankekin kolpeak eman zizkioten etengabe, baita ere ukabilkadak sabelean. Halaber, ezker eskuaren atzamar artean arkatzak jartzen zizkioten eta atzamarrak estutu, horrek, besteak beste, eskuetako atzamarrak lokartuta eta kalanbreekin uzten zizkion. Besteak beste, metraileta bat buruan jarri eta hilko zutela ere mehatxatu zuten.
Bost egunez egon zen inkomunikatua Fuentes Espainiako Poliziaren eskuetan. Denbora horretan egunero jaso zituen auzi-medikuen bisitak eta bost medikuen txostenek atxilotuak adierazitako torturekin bat etor zitezkeen lesioen berri eman zuten. Inkomunikazioaren ondoren Baltasar Garzón epailearen aurrean deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean eta jasandako torturen berri eman zion hari ere, baina epaileak ez zuen ezer egin. Dozenaka atxilotuk adierazi izan dute Garzónen aurrean torturak salatu zituztela, horietako asko torturen ondorioz oso egoera txarrean egonda gainera, baina hark ez zituela aintzat hartu.
Espainian lau urtez preso egon ondoren, Fuentesek ihes egin zuen. 2012an atxilotu zuten Liverpoolen (Erresuma Batua) eta 2014an Espainiako Estatura estraditatu zuten. Torresek 1991n jasandako torturak salatu zituen eta Bilboko Lurralde Auzitegiak 1918an salaketa artxibatu zuen, balizko torturak preskribituta zeudela ebatzita. Urtebete geroago, Fuentesek babes helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta nazioarteko legediaren arabera tortura ez dela preskribitzen.
Aurten bertan, Espainiako Zigor Kodea erreformatu dute eta bertan adierazten denez, tortura kasu larrienak jadanik ez dute preskribituko. 2023an NBEk gogorarazi zion Espainiari 1966tik 2014ra Euskal Herrian dokumentatutako 5.379 tortura kasu ikertu gabe zeudela oraindik. Halaber, iragan maiatzaren 8an emandako ebazpen historikoan Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu zuen Guardia Zibilak Iratxe Sorzabal euskal herritarra torturatu zuela.