The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula erabilita. Bestalde, Askatasun Ontzidiaren Handala itsasontzia gelditu dute soldadu israeldarrek igande goizaldean, Gazatik 64 kilometrora zegoela.
Jakina da Israelek 2023ko urriaz geroztik Gazan hildako palestinarren kopurua –egun 59.900 inguru dira, Gazako Osasun Ministerioaren arabera– nazioarteko hedabide nahiz telebistetan agertzen dena baino altuagoa dela. 2024ko uztailean, "aurreikuspen zuhurra" eginda, gutxienez 186.000 palestinar hilda egon zitezkeela ondorioztatu zuen The Lancet aldizkariak, Israelen zuzeneko indarkeriaz gain gaixotasunen eta bestelako arrazoien ondorioz hildakoak kontuan hartuta. Bada, kopuru hori joan den astean eguneratu du Steven Donziger abokatu konprometitu estatubatuarrak, The Lancet-en formula erabilita, eta bere blogean argitaratu du, eta ondorioztatu Israelek gutxienez 434.000 palestinar hil dituela 2023ko urriaz geroztik.
OME Munduko Osasun Erakundearen arabera, 2022an zerrendan 2.375.259 pertsona bizi ziren: beraz, albiste honen muinean dauzkagun kalkuluek diote Israelek Gazako biztanleriaren %20,7 hil duela 2023ko urriaz geroztik. Gazan hildakoak bi modutan sailkatzen ditu aldizkariak: zuzeneko indarkeriaren ondorioz eta zeharkako arazoengatik hildakoak. Israelgo armadak erailak dira zuzeneko indarkeriaren ondorioz hildakoak; zeharkako arrazoiengatik hildakoak, berriz, goseteagatik, gaixotasunengatik eta abarrengatik hildakoak. Hau da, Tel Aviven aireko eta lurreko erasoen ondorioz Gazak bizi duen elikagai, edari eta osasun baliabide eskasiagatik hildakoak. Iturriaren arabera, azken urteetako gatazketan zeharkako heriotzak zuzeneko heriotzak baino hiru aldiz gehiago dira gutxienez, eta hamabost aldiz gehiago izan daitezke, kasu larrienetan.
"Konzentrazio esparru irekia"
Kalkuluek diote, batez beste, zuzeneko eta zeharkako arrazoien ondorioz egunean 732 palestinar hil zirela Gazan 2023ko urriaren 7tik 2025eko urtarrilaren 18ra bitarte. Izan ere, egun horretan su-eten akordio batera heldu ziren Hamas eta Israel, Gazan laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetu eta Israelgo armadaren erasoak geldituko lituzkeena. Bi hilabete geroago, ordea, Israelek menia apurtu eta egun bakarrean gutxienez 500 lagun hil zituen. Geroztik, Tel Avivek erabilitako muturreko indarkeria eguneroko ogi bihurtu da zerrendako palestinarrentzat.
Martxoaren 18tik uztailaren 21era bitarte –The Lancet aldizkariak Gazako hildakoen kopurua eguneratu zuen egunera arte– egunean 732 hil direla kontuan edukiz gero, 2023ko urriaren 7az geroztik zerrendan gutxienez 434.000 palestinar hil direla ondorioztatu du aldizkariak. Horrela, Israelek 601 egunez airez eta lurrez eraso egin die zerrendako ia eremu guztiei, eta horrela egiten jarraitzen du.
Israelek Handala ontzia bahitu eta bertan zihoazenak atxilotu ditu
Gazako palestinarrek bizi duten muturreko gosete egoeraren aurrean, zerrendara laguntza humanitarioa heltzea xede duen edozein ekimen oztopatzen jarraitzen du Israelek. Izan ere, maiatzean Conscience itsasontzia bonbardatu eta ekainean Madleen itsasontzia bahitu ostean, Askatasunaren Ontzidiak sare sozialetan salatu du Israelek Handala itsasontzia gelditu duela igande goizaldean, Gazatik 64 kilometrora zegoela.
Nazioarteko ekimenak gaitzetsi du Israelgo armadak "indarkeria" erabili duela itsasontzia bahitu eta bertan zihoazen tripulazioko 21 kideak atxilotzeko. Gainera, soldadu israeldarrek itsasontzian zeuden kamerak hautsi zituela salatu dute, eta, horrela, Handalan zihoazen hamabi herrialdeetako ekintzaileekin komunikazio oro galdu. Askatasunaren ontzidiaren arabera, itsasontziaren izenak marrazki bizidunetako pertsonai palestinar batean du bere jatorria: "Handala hankutsik ibiltzen den haur errefuxiatu bat da, injustiziari bizkarra eman diona eta hala egiten jarraituko duena Palestina aske izan arte".