argia.eus
INPRIMATU
Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko
  • Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 13a

Maiatzaren 15ean Nakba edo "Hondamendiaren Eguna" oroituko dute Palestinan, eta horren harira mobilizazioak indartuko dira asteon. 1948an, Palestinan, Israelgo Estatua sortu berria zela, sionismoak 700.000 palestinar euren lurretatik betirako kanporatu zituzten. Israelek beste 300.000 mila palestinar kanporatuko zituen euren bizilekuetatik 1967ko gerran, horietatik 145.000 1948ko gerran egotzitakoak ziren. Inoiz ez zuten euren herrietara itzultzeko eskubiderik izango –Nakba 1948: historia errepikatuko da Gazan? artikulu interesgarria idatzi zuen Xabier Letonak ARGIAn, urtarrilean–.

Bilbon, larunbatean, "Nakba berri baten aurrean" gaudela salatu zuten hainbat pertsonak, eta elkartasunerako eta Israeli boikoterako deia berretsi. Era berean, inguruko erakunde politiko, instituzional eta akademikoei exijitu zieten "erregimen sionistarekiko harremanak eteteko". Ondorengo hauek seinalatu zituzten inguruan banatutako ehunka esku-orrietan: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Israelekin merkataritza-akordioak dituzten CAF enpresa.

Sei pertsona igo ziren NYX hotelera, eta berde eta urdinez koloreztatu zuten ingurua. Pankarta bota zuten, SOS Rafah argi ikusten zela, eta hotelaren atarian hamarnaka pertsonek babesa adierazi zieten. Ertzaintza bertaratu zen eta hainbat ekintzaile identifikatu zituen.

NYX hotela, kate israeldar baten jabetzakoa

Duela bost urte ireki zituen ateak NYX hotelak Bilboko Areatzan. Inaugurazio garaian hainbat mobilizazio egin ziren, ARGIAren hemerotekan irakur daitekeenez.

Batetik, mobilizazio jendetsu batean, hiriaren turistifikazioa eta gentrifikazioa salatu zuten; eta bestetik instituzioek Israelekiko duten konplizitatea: “Berdin du (hotela) palestinar herriaren genozidioan oinarrituta dagoen Estatu arrazista batekoa izatea. Berdin du giza eskubideak etengabe urratu eta nazioarteko legedia behin eta berriro apurtzen duen apartheid-Estatukoa izatea. Haien ereduari, haien negozioari, ondo badatorkio, ez daukate arazorik Israelgo Estatu sionistaren zuriketan laguntzeko. Ez da kasualitatea, gure auzoetatik kanporatzen ari gaituzten NYX Hoteles edo Airbnb bezalako enpresak, palestinarrak haien lurretatik botatzen ari diren berdinak izatea”.