Gasteizko Udaleko Marian Gutierrez PSE-EEko Segurtasuneko zinegotziak agerraldia egin du lehen aldiz. Jipoitutako gaztearen gurasoak haserre agertu dira "gezurra jasan" behar izan dutelako eta amak gela utzi du. EH Bilduk Polizia fitxan lekukotzak falta direla salatu du.
Marian Gutierrez (PSE-EE) Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotziak asteazken honetan agerraldia egin du udaltzainek jipoitutako gaztearen kasuari buruz azalpenak emateko, EH Bilduk eskatuta. Gaztearen gurasoak bertan izan dira zinegotziaren eta gainontzeko alderdi politikoen ordezkarien hitzak entzuteko.
Gasteiz Hoy-k jaso duenez, gaztearen ama haserre agertu da "gezurra jasan" behar izan duelako eta gelatik alde egin du: "Zinegotziak esan du zentralari jakinarazi zitzaiola guri deitzeko, baina inoiz ez ziguten deitu". Era berean, "ulertzen dut telefonoguneak erregistro baten bidez frogatu beharko duela gurasoei deitu zietela", gehitu du aitak.
Zinegotziak gaia epaitegiaren esku dagoela esan du eta errugabetasun presuntzioa eskatu du auzipetutako bi polizientzako. "Bi langile ez direnean eredugarriak, zer egin behar da? Nik, aita naizen aldetik, Polizia eredugarria, dinamikoa eta a
ktiboa nahi dut, adingabe bat atxilotzen duenean prozedura egokia irekitzen duena, eta ez jipoitzen duena", esan du aitak.
Bestalde, EH Bilduko Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak Polizia fitxan jasotzen diren lekuko guztiei testigantzak hartu ez izana salatu du: "Beste lekuko batzuei buruzko aipamenak daude, baina ez dute besterik esaten".
Gurasoek epaitegiko prozedura "motel" doala sentitzen dute, eta kexu dira ezezko gehiegirekin topo egin dutelako. Hala ere, epaiketa egin arte "borrokan" jarraituko dutela diote, Gasteiz Hoy-k adierazi duenez.
Gertaeraren nondik norakoak
Martxoaren 6an 16 urteko Aimarrek patinete elektrikoaren gainean zebrabidea igaro zuela egotzita atxilotu zuten Gasteizen. Gasteizko udaltzainek geratzeko agindu zioten, eta gazteak esan zuen beldurtu egin zela eta ihes egitea atera zitzaiola.
Atxilotzeko unean, gaztea jada entregatu zenean, lurrera bota, belaunekin eta ukabilekin jo zuten eta sudurra hautsi zioten. Udaltzainek familiari esan zioten erori egin zela. Auzokide batek, ordea, gertaerak bideoz grabatu zituen eta han ez da halakorik ikusten. Familiak salaketa jarri zuen epaitegian.