argia.eus
INPRIMATU
Seaskak bigarren lizeo bat irekiko du 2027ko irailean, Donapaleun
  • Kanbon egin duten urteko biltzar nagusian ontzat jo dute lizeo berriaren garapenari buruzko txostena. Donapaleuko ikastolaren ondoan egongo da, eta hasiera batean 180 ikasle hartu ahal izango ditu, Seaskako arduradunen arabera. Lizeo berriaz gain, urteko biltzarrean azken hilabeteetan Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin izandako ika-mikak eta EEP ere izan dituzte hizpide.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 30
Seaskaren urteko biltzar nagusia larunbatean, Kanbon. Seaska

Kanbon (Nafarroa Beherea) egin zuen larunbatean Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak urteko biltzar nagusia. 2025-2026 ikasturteko norabidea zehazteaz gain, bigarren lizeo baten garapenerako txostena hizpide izan zuten biltzarrean. Biltzarrera bertaratutakoek bozketa bidez onartu ostean, duela askotik eztabaidatzen ari zena ofiziala da, Berria egunkariak eta Kazeta-k jaso dutenez: Seaskak bere bigarren lizeoa irekiko du 2027ko irailean, Donapaleun (Nafarroa Beherea). Herriko ikastolaren ondoan egongo da, "herrigunetik hurbil", eta hasiera batean 180 ikasle hartu ahal izango ditu.

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak lizeo berri bat eraikitzeko hainbat herriko etxeren eskaintzak jaso ditu azken hilabeteetan, baina azkenean Donapaleukoak eginikoa eraman dute urteko biltzarrera. Baionako Etxepare lizeoa da egun Seaskak irekita duen lizeo bakarra. 536 ikasle ditu lizeoak, eta Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak behin baino gehiagotan jakinarazi du "gainezka" dagoela. Hastapenetan sail orokorra eskainiko badu ere,  arduradunek adierazi dute etorkizunean "adar gehiago" jarri nahi dituztela Donapaleuko lizeo berrian, baita sail teknologiko batzuk ere.

Paris eta EEP ere, hizpide

Lizeo berriaz gain, Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin azken hilabeteetan izandako ika-mikak ere aipatu dira urteko biltzarrean. Izan ere, hurrengo kurtsora begira irakasle postu berrien inguruan Parisen proposamena heldu zitzaion Seaskari maiatzaren erdialdean, eta "onartezina" dela salatu zuen. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren arabera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak hurrengo ikasturterako ezarri zizkion irakasle postuak ez dira nahikoa izango dituzten ikasleen beharrak asetzeko.

Marc Huart Bordeleko Akademiako errektorearekin eginiko hurrengo bileran, ordea, Seaskak jakinarazi zuen errektoreak "prestasuna" erakutsi zuela hurrengo ikasturterako behar dituzten irakasle postu gehienak emateko. Bilera horrez geroztik "aurrerapausorik" eman ez dela adierazi zuten Seaskako arduradunek larunbateko biltzarrean. EEP Euskararen Erakunde Publikoak –besteak beste, Ipar Euskal Herriko ikastolak eta Paris lotzen dituen hitzarmena– ere zeresana eman du azken egunetan, 2022az geroztik berritu gabe egon ostean, aurrekontuaren emendatzea jaso baitzuen joan den ostiralean, baina ez espero zen neurrian.

Ekainaren 26ko EEPren asanbladan, Frantziako Estatuaren ordezkariek, Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Hezkuntza Akademiako zuzendariak iragarri zuten Parisek 100.000 euro gehiago emango dizkiola EEPri. Neurri horrekin, Estatuaren ekarpena 860.000 eurotik 960.000 eurora handituko da, baina euskalgintzako hainbat eragilek gaitzetsi dute inbertsio hori ez dela nahikoa, eta Estatuaren erabakia urrun gelditzen dela Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaren erronketatik. EEPk berak 2023ko urrian abiatu zuen gogoeta prozesuan nabarmendu zuen partaide bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago inbertitu beharko lituzkeela, egituraren egonkortasuna eta hizkuntza politika "sendoa" bermatzeko.