argia.eus
INPRIMATU
Santos Cerdán aske utzi du epaileak, bost hilabete espetxean igaro ondoren
  • Buruzagi sozialista nafarraren kontrako zantzuak “indartu” egin direla dio Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, baina aske uzteko, argudiatu du ezin duela espetxean mantentzeko kautelazko neurria luzatu. Servinabarrek %2 jasotzen zuen Accionari emandako esleipen publikoetatik, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko azaroaren 19a
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza Idazkari ohia epailearen aurrean deklaratzeko momentuan, espetxean sartu aurretik. RTVE

Leopoldo Puente Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio-epaileak aske utzi du Santos Cerdán PSOEko Antolakuntza Idazkari ohia, ia bost hilabete espetxean eduki ondoren. Cerdán Koldo Auzia izeneko ustezko utelkeria sarearen buruetako bat izateagatik sartu zuen giltzapean behin behinean epaileak, baina asteazkenean azaldu du ezin duela kautelazko neurri hori luzatu.

Hain justu, Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak txostena argitaratu berri du kasuaren inguruan eta duela egun batzuk miaketa gehiago egin zituen. Instrukzio-epaileak dio Cerdánek Acciona eta Espainiako Garraio Ministerioaren arteko “zubi” lana egiten zuela adierazten duten zantzuak “indartu” egin direla eginbide horien ondorioz, baina jadanik ez dagoela arriskurik frogak suntsitzeko.

Hala, hamabost egunean behin epaitegira azaltzeko neurria nahikoa dela uste du Puentek, Koldo García aholkulari politikoari eta José Luis Ábalos espainiar ministroari jarritako neurri berbera da, hain zuzen.

Cerdánek Acciona eta Espainiako Garraio Ministerioaren arteko “zubi” lana egiten zuela adierazten duten zantzuak “indartu” egin direla dio epaileak

Accionak lortutako esleipenetatik %2 poltsikora

UCOren txostenak dioenez, Servinabarrek Accionari Espainiako Garraio Ministeriotik emandako esleipen publikoen bidez lortzen zuen dirua, zehazki esleipen bakoitzeko %2. Ondoren, egoitza Nafarroan duen sozietateak diru hori modu askotan banatzen zuen Cerdánden ingurura, hala nola kreditu txartelen bidez, alokairuetan edo nominekin.

Esaterako, Antxon Alonsok eta Koldo Garcíak sorturiko Noran kooperatibak 600.000 euro jaso zituen Servinabarretik eta, besteak beste, soldaten kontzeptupean 9.500 euro ordaindu zizkion Cerdánen bikotekide Francisca Muñozi. Ekolan kooperatiba ere erabili zuten senideek milaka euro eskuratzeko, txostenaren arabera.

Antxon Alonso euskal enpresariak sortua, Servinabarrek hasieratik izan zuen harremana Accionarekin, eta 2015ean Santos Cerdán egin zen haren bazkide, Nafarroako politikagintzan bete-betean hari zenean. Geoalcalik urte hartan Mina Muga ustiatzeko Accionari eta Servinabarri egindako esleipenean du jatorria eskupekoak lortzeko sareak, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera.

Geoalcalik 2018an Muga Mina ustiatzeko Accionari eta Servibarri egindako esleipenean du jatorria eskupekoak lortzeko sareak, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera

Servinabarrek Accionatik esleipenen %2 lortzeko, “lan arriskuetan espezialista” moduan zerbitzuak ematen zituela argudiatzen zuen. Hala, Logroñoko saihesbidea, Sevilla zubia, Sant Feliu de Llobregateko obrak eta Marokon eta Gabonen egindako beste obra batzuk ere, gisa horretan esleitu zituzten.

Bestalde, UCO unitateak Koldo Auzia daraman epaileari eskatu dio Belateko tunelen inguruan izandako ustezko iruzurren kasua auzi horretara batu dezala, izan ere esleipena 2023koa bada ere, Acciona ere parte den Aldi Baterako Enpresa Elkartea urte batzuk lehenagotik ari zen esleipen hori lortzeko lanean.

Zentzu horretan, María Chivite Nafarroako presidenteak, Txinan bidaia instituzionalean denak, adierazi du txostenak ez duela ezer berririk ekartzen eta epaileak Belateko tunelen kasua ikertzea erabakiko balu Nafarroako Gobernuaren laguntza izango duela.

UCO unitateak Koldo Auzia daraman epaileari eskatu dio Belateko tunelen inguruan izandako ustezko iruzurren kasua auzi horretara batu dezala

EAJrentzat kargu izendapenak...

Guardia Zibilak, egindako miatzeetan dokumentu bat aurkitu du “Peticiones Nombramientos PNV.docx” izenekoa, Cerdánek Garcíari eta Ábalosi pasatakoa 2018an.

Txostenak iradokitzen du, jeltzaleek hiru goi-kargu izendatzeko eskatu ziotela PSOEko Antolakuntza Idazkari izandakoari, jeltzaleek Pedro Sánchezen aldeko zentsura mozioa onartzearen truke. Kargu horien artean Javier Cachónen izena legoke, hain justu Mina Mugaren aldeko esleipena sinatu zuena espainiar ministeriotik.

Txostenak iradokitzen du, jeltzaleek hiru goi-kargu izendatzeko eskatu ziotela PSOEko Antolakuntza Idazkari izandakoari, hauek Pedro Sánchezen aldeko zentsura mozioa onartzearen truke

EAJk erabat ukatu du goi-karguan izendatzeko eskatu duenik eta informazio “faltsua” dela ziurtatu du. Zentsura mozio hori negoziatzen aritu zen Aitor Esteban buruzagi jeltzaleak esan du ez duela Javier Cachón ezagutu ere egiten.