argia.eus
INPRIMATU
Salmondek dimititu egin du sexu-eraso salaketa batzuen ondorioz
  • Eskoziako lehen ministro ohiak sexu-erasoak egin izana ukatu du. Hala ere, Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) barne-zatiketak saihesteko dimisioa aurkeztea erabaki du.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 30
Alex Salmond lehen ministro ohia.

Eskoziako Gobernu Autonomoak barne-ikerketa egin zuen Salmonden aurkako salaketen harira eta joan den astean helarazi zizkion poliziari. Politikariak guztia ezeztatu du, akusazioak “iraingarriak” direla esanez.

Ministro nagusi ohiak bideoa bidali die komunikabideei dimisioaren berri emateko. “Gauza bat oso argi dut: alderdiak ikusten badu bere burua ni zigortzera behartuta barne zatiketa handia sortuko luke”.

SNP eta Eskoziako mugimendu independentista maite dituela gaineratu du. “45 urte eman ditut Eskoziako Alderdi Nazionalistan; horietako hogeitan alderdiko liderra izan naiz, eta zazpitan Eskoziako lehen ministroa”.

2014an Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma egitea lortu zuen Salmondek eta iragarri duenez, bere izena garbitutakoan berriz itzuliko da SNPra.

Komunikabideek jakitera eman dutenez, Bute Housen ministro nagusiaren Edinburgoko egoitza ofizialean gertatu ziren erasoak 2013ko abenduan. Erasoak pairatu zituzten Gobernuko bi langileek urtarrilean jarri zuten salaketa.