argia.eus
INPRIMATU
Reyes Carrere izango da EH Bilduren Donostiako zerrendaburua
  • EH Bilduk jakinarazi du Reyes Carrere izango dela Donostiako zerrendaburua 2019ko maiatzeko hauteskundeetan.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 31
Reyes Carrere, artxiboko argazki batean. (Argazkilaria: Dani Blanco)

2018ko maiatzaren 31n Barne Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak, Donostiako Hauteskunde Batzordearen ziurtagiria jasota, Reyes Carrer Zabalaren hautagaitza proklamatu duela jakinarazi dute.

Hautagaitza bakarra denez ez da barne hauteskunderik egongo. Horrenbestez, Donostian EH Bilduk izango duen zerrendaren buru izango da.

Reyes Carrere Donostian jaio zen 1966ko abenduaren 31n. Errenterian hazi eta duela 15 urtetik Donostian bizi da, Intxaurrondo auzoan. Bere bizitzaren proiektuak, orain arte, kirolaren munduan kokatuak izan ditu nagusiki: Kirol jokalari eta entrenatzaile profesional ohia da; eta gaur egun Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko zuzendari teknikoa eta Gipuzkoako eta Euskadiko eskubaloi federazioetako entrenatzaileen irakaslea da.

Bere jarduera profesional gehiena Donostian egin du, eta EH Bilduk azpimarratu nahi izan du ere 2007tik 2010 arte Euskal Selekzioaren entrenatzailea izan zela.

"Bere ibilbide profesionalean, lehendabizi jokalari gisa, eta geroago entrenatzaile eta teknikari karguetan, emakume kirolarien duintasunaren alde borroka egin du, emakume kirolarien profesionalizazioa bultzatzeko proiektuak sustatuz eta haietan parte hartuz", dio koalizioak.

Elkarrizketa egin zion Sustrai Colinak 2011n.