argia.eus
INPRIMATU
Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”
  • AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan okupatutako lurraldeak hartzea barne hartuko lukeena. Zelenskik, ordea, argi adierazi du Ukrainak ez diela "lurralderik oparituko okupatzaileei". 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 12a
Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako haren homologoa elkarrekin hitz egiten. Jorge Silva / Reuters

Errusiako Gobernuko nazioarteko politikarako aholkulari Yuri Ushakovek aurreikusi zuen joan den astean Trump eta Putin "berehala" bilduko zirela. Bada, asteburuan argitara atera zen bi presidenteen arteko bileraren data eta kokalekua: Trumpek sare sozialetan jakinarazi zuen ostiralean batzartuko direla, Alaskan. Bloomberg hedabideak ostiralean kaleratu zuen Errusia eta AEBak Ukrainako gerra "izozteko" egitasmo bat prestatzen ari direla: hedabide horren arabera, plan horrek barne hartuko luke Moskuk erasoak etetea eta haren esku geratzea orain arte Ukrainan okupatu dituen lurraldeak. Herrialdeko hainbat eskualde Errusiaren esku uzteko arriskuaz jabetuta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak larunbatean zera adierazi zuen: "Ukrainak ez die lurralderik oparituko okupatzaileei". Sare sozialetan larunbatean argitaratutako bideo batean Zelenskik esan zuen ostiralean Putin eta Trumpek Ukrainaren inguruan hartuko dituzten erabakiek ez dutela etorkizunik: "Ukraina kontuan izan gabe hartutako edozein erabaki bakearen aurkakoa da.

Ukrainako gerrarako une garrantzitsu batean bilduko dira AEBetako eta Errusiako agintariak: izan ere, Trumpek Putini ezarritako hamar eguneko epea ostiralean amaitu zen. Egun horretarako Kievekin su-eten akordio batera iritsi ezean, AEBek zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola egin zion mehatxu Etxe Zuriko maizterrak Moskuri, oraindik hori egin ez badu ere.

Zelenski, Europara begira

Zelenskik argi utzi zuen ukrainarrek "bake duina" merezi dutela, eta Ukrainako Konstituzioaren aurka doala "inbaditzaileei lurrak oparitzea". Hortaz, Errusiak eta AEBek gerrarekin amaitzeko akordio batera iristeko bizkarra eman ondoren, Ukrainako presidenteak Europako bazkideen laguntza bilatzeari ekin dio: Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyenek eta Europako hainbat herrialdetako agintariek –Frantziako presidente Emmanuel Macron, Poloniako lehen ministro Donald Tusk, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmer eta Finlandiako presidente Alexander Stubb– ohar bat argitaratu zuten igandean. Oharrean, agintariek adierazi zuten Errusiak abiatutako "legez kanpoko gerrarekin" amaitzeko aukera bakarra diplomazian, Ukraina babestean eta Moskuri presioa ezartzean datzala. 

"Argi dugu konponbideak Ukrainaren eta Europaren segurtasun interesak babestu behar dituela", esan zuten oharrean. Aipatutako "segurtasun interesen" artean, agintariek azpimarratu zuten Kievek bere "subiranotasuna" defendatzea: "Ukrainak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Ukrainako bakearen bideorria ezin da eztabaidatu Ukrainarik gabe". Gainera, aldarrikatu zuten herrialde batean mugak ezin direla "indarrez" aldatu, eta "bake iraunkor" baten inguruko negoziazioei ekiteko aldarrikatu dute "beharrezkoa" dela aurretik Ukrainako frontean su-etena ezartzea.  

Putin eta Zelenskiren arteko bilera, gertu

Zelenski ez da izango Alaskan Trumpek eta Putinek egingo duten bileran, baina badirudi geroz eta handiagoak direla hiru agintariak aurrez aurre biltzeko aukerak. Izan ere, JD Vance AEBetako presidenteordeak jakitera eman zuen igandean Fox News telebistari eginiko elkarrizketa batean "saiatzen" ari direla Trump, Putin eta Zelenski batzartuko liratekeen bilera zehazten, "Ukrainako gerra amaitzeaz eztabaidatu dezaten".

Horri gehitu behar zaio joan den astean, Errusiako ordezkariak AEBeko Gobernuko Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoffekin bildu ostean, Trumpek esan zuela "aurrerapausoak" eman direla datozen egunetan Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake akordio bat adosteko gailur bat egiteko hurrengo egunetan: eta, noski, Trump, Putin eta Zelenski aurrez aurre biltzeko gailur horretan.