EAJ eta PSEk Eusko Jaurlaritzako gobernuaren eraketarako aurreakordioa lortu dute. Gaur, azaroak 21, bi alderdietako zuzendaritzen esku dago akordioa aurrera eramatea. PSEk, bederatzi parlamentarien baiezkoarekin, hiru sail bereganatuko lituzke EITBk aurreratu duenez. Asteazken eta ostegunean egingo dira Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioak.
Bi alderdiek eman dute aurreakordioaren berri. EAJk “aurreakordio programatikoa eta gobernu estrukturakoa” dela azaldu du komunikatu batean. PSEk, berriz, sare sozialen bidez eman du berria.
Gaur, azaroak 21, bilduko dira EAJko EBBren biltzarra eta PSEren Batzar Nazionala. Arazorik izan ezean, biek akordioaren alde egingo dute. Horren arabera, PSEko bederatzi parlamentariek Iñigo Urkullu lehendakariaren alde egingo dute asteazken eta ostegunean egingo diren inbestidura saioetan. Asteazkenean Urkulluz gain, EH Bilduko Maddalen Iriarte ere aurkeztuko da.
Urkulluren gobernu eraketan PSEk hiru sail bereganatuko lituzke. Horien artean Merkataritza eta Turismo saila egongo litzateke. Akordioak lau ardatz nagusi ditu: enplegua eta garapen ekonomikoa, zerbitzu publikoak, bake eta bizikidetza eta autogobernuaren garapena.
EH Bilduren ustez akordioak maila nazionalean, sozioekonomikoan eta bake eta bizikidetzan “aurrerapenik ez izatea” ekarriko du. EAJk aurreko astean baztertu zuen EH Bildurekin akordio batera iristeko aukera. Ahal Duguren ustez, berriz, aurreikusitakoa eta eskasa da akordia, udaletako eta aldundietako akordioei jarraipena emanez.
Ez da lehena
Ez da bi alderdiek Eusko Jaurlaritzako gobernua eratzeko egiten duten lehen akordioa. Duela hemezortzi urte amaitu zuten azkena jeltzaleek eta sozialistek, 1987. eta 1998. urteen artean Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari mantendu ostean. Orduan, alderdi sozialistak Hezkuntza, Ekonomia eta Turismo edo Osasun sailak kudeatu zituen besteak beste.
Egun, bi alderdiek udal eta aldundietako hauteskundeetan eginiko akordioak jarraitzen du, bozka gehien zituen alderdiaren alde egin eta erakunde horien “egonkortasuna errazteko” eginikoa. Gipuzkoaren kasuan, EAJk PSEren aldeko botoei esker lortu zuen aldundia. Horren truke sozialistak Enplegu eta Turismo edo Kulturako sailen buru dira.