argia.eus
INPRIMATU
Propoliaz hitzaldi bereziak emango ditu Gipuzkoan eta Lapurdin Teresa Giral kubatar adituak
  • Teresa Giral doktore albaitaria Kubako aditu nagusietakoa da erleen propoliak gizakien eta abereen osasuna artatzeko dauzkan ahalmenetan eta erleen produktu hori medikuntza sistemak eskatzen dituen bermeekin ekoizteko prozesuetan. Gipuzkoan eta Lapurdin emango ditu ikastaldiak egunotan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko otsailaren 23a
Teresa Giral doktorea Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak Zaldibian daukan egoitzaren atarian. (Argazkia: GEE)

Kuban erleen erremedioak, eta nagusiki eztiz eta propoliz egindakoak, osasun sistema publikoan sartuta daudelarik, Teresa Giral erreferentzia nagusietakoa izana da produktuok medikuntzan erabiltzeko La Habanako Gobernuak antolatutako erakundeetan. ARGIAk 2006an plazaratutako Julio Cesar Diaz mediku apiterapeuta "Erlea gure sendagile" liburuak jatorrizko bertsio gaztelaniazkoan propoliari buruzko atal berezia idatzita dauka Giralek. Euskal Herrira etorria da hamar egunerako GEE Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak, EHKolektiboak eta BLE Biharko Lurraren Elkarteak gonbidaturik.

Ostegunean, otsailak 25, egun osoko ikastaldia eskainiko du GEEk Zaldibian duen egoitzan, bereziki erlezainei zuzendua. Goizeko 10:00etatik 13:30era azalduko ditu propoli gordina erlauntzetik atera eta produktu bihurtu arteko ekoizpen prozesuaren xehetasunak. Bazkalostean, 15:30etik 17:30era, propoliaren propietateak eta osasungintzan dituen erabilerak zehaztuko ditu.

Igandean, hilak 28, goizeko 10:00etatik 12:00etara Tolosan mintzatuko da Giral doktorea Topic zentroan, oraingoan aldean izango dituela beste bi hizlari: Ricardo Arriola mediku eta apiterapeuta, eta Silbana Huegun dietista (ikusi egitaraua osorik).

Martxoaren 1ean Hazparneko Elgar zentroan hitz egingo du Teresa Giralek ilunabarreko 20:30ean; antolatzaileek aurreratu dute euskaraz eta frantsez itzulita entzun ahal izango dela.