Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - "Erlea Gure Sendagile" Liburua - Egilearekin elkarrizketa

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

"Erlea Gure Sendagile" Liburua

Egilearekin elkarrizketa

2006-12-25

Julio César Díaz (1954) Argentinako San Luis probintzian bizi da, Buena Esperanza herrian. San Luis probintzia aski pobrea da eta irakurleak karta geografikoan Buenos Airesetik Ande mendietara abiatu eta Txileko Santiagorako erdi bidean aurkituko du. Mediku zirujau ikasketak egin zituen Diaz doktoreak, eta Apiterapia berriz liburuetatik eta Kubako medikuengandik ikasi zuen. Medikuz gain erlezaina ere bada, eta Argentinako Erlezainen Elkarteko ordezkaria da San Luisen.

Bero hitz egin eta bero idazten duen gizona da Julio Cesar Diaz. Berotasun bera darabil gizartearen arazoak aztertzerakoan, eta horrek hainbat buruhauste, mehatxu eta kolpe zikin ekarri dizkio bizi den herrian. Euskal Herrian askok ezagutu dute Diaz doktorea Tolosako Luis Mari Intza erlezainaren bitartez eta ondoren arazoren bat edukitzeagatik kontsulta egin diotelako, posta bidez. Beti erantzuten du Juliok. Hori bai, ironia ondo ulertu behar zaio.

   Konta iezaguzu nola den zure bizitzako aste bat San Luisen. Gure irakurleek zure jardueraren argazkia eduki dezaten.

   Normalean ordu horietan -gaixo bat joan eta bestea etorri bitartean- ikasten, idazten, eta botika homeopatiko, apiterapiako eta landaretakoak prestatzen aritzen naiz. Arratsaldeak ematen ditut erlauntzetan, parkean eta mintegian. Lorategi botaniko bat daukat desertuan munduko leku askotako espezieekin eta mintegian oihan berriak landatzeko bertako landareak ekoizten ditut. Hobby hutsagatik. Urtean 10.000-15.000 zuhaitz landare produzitzea ez da erraza pertsona bakarrarentzako, baina plazerra da. Neguko arratsalde luzeetan zurean grabatuak eta tailak egiten ditut.

   Ostiral eta larunbat arratsaldeetan homeopata eta apiterapeuta lana egiten dut, hainbat lekutan pasatzen ditut kontsultak eta asteburu guztietan bidaiatzen dut, mediku lanetan nahiz hitzaldiak edo ikastaroak emateko. Igandeetan etxean saiatzen naiz egoten. Etxetik auto lasterketak ikustea maite dut. Zorionak ematea badaukazue zuen bizilaguna den Alfonso Alonsori.

   Zuk zure maputxe sustraia aldarrikatzen duzu.

   Gure amonaren ama Epumer Payné (Zeruetako Bi Azeriak) kazikearen arreba zen. Epumer izan zen zuri inbaditzailearen aurrean amore eman ez zuten hiru buruzagietako bat. Familiak ezkutatu egin zidan hori baina amonak kontatu zidan 24 urte nituenean. Gero arakatu nuen informazioa, leku eta datak, eta amandreak egia zioela jakin nuen. 91 urterekin hil zenean burua argi zuen eta bere maputxe aurpegiarekin ezin zuen gezurrik esan.

   Maputxeak Andeen bi aldeetan bizi ziren, nahiz eta historiagileek txiletarrak direla dioten. Ezin jakin non egon ziren: beren denbora "zirkulu-formakoa" zen eta ez lineala gurea bezala; "atzo" esan eta izan daiteke atzo bezala duela 200 urte. Ez zuten idazten; ez zuten behar: idatzitik haratago doan ondarea utzi zuten, hala nola 28 eguneko 13 hilabetez osatutako egutegia, bere solstizio eta ekinozioekin, perfekzio harrigarria duena.

   Gainerakoan baditut odol belgikar, arabiar eta italiarra. Zer iruditzen nahasketa? San Luisen ez dago ia batere interesik jatorrizkoaz, nahiz eta agintariek ere baduten odol aborigenaren arrastoa. Egia esan, salbuespen jatorren batzuk kenduta, honetaz ez dago interesik Argentinako inongo eskualdetan.

   Zein etorkizun ikusten diozu maputxe jendeari?

   Mugimendu indigenistak gero eta sendoagoak dira eta ozenago entzuten zaie, baina geratzen den pixka horretatik zerbait salbatzea besterik ezin dute egin, eta ez da gutxi. Beharbada, gaur inportanteena partaide izatearen harrotasun hori izan daiteke. Ez ahaztu garaituak ez direla ondo ikusiak izaten sekula. Jatorrizko herriok garaitu egin gintuzten eta belaunaldiz belaunaldi herri horietako kide izatearen lotsa irakatsi ziguten. "Indio izatea" mozorrotu egin behar zen.

   Asko dira gaur egun beren sustraiak ezagutzen ez dituztenak, eta beste asko jatorrizko arbasoak eduki ez arren lur hauetako biztanle autentikoen defendatzaile sutsuak direnak. Guk zera sinestu dugu: "Lurra ez da gizakiarena, baizik eta gizakia lurrarena"; eta horregatik Turner, Stallone, Bennetton eta hemen bertako zenbait traidorek gure lurrak bereganatu dituzte. Inperio erromatarra erori bazen, Berlingo harresia ere bai... nori axola zaio etnia bat edo hamar gehiago edo gutxiago egon? Hori norberari baino ez zaio axola, bere buruaren eta herri baten kide izatearen harrotasunagatik.

   Nola piztu zitzaizun erleekiko eta apiterapiarekiko zaletasuna?

   Beti izan dut erleekiko interesa eta hori mamitu nuen bizitzera landa herrietara etorri nintzenean. Erleekin hasi eta berehala, 1992an, propoliaren sabotaia gertatu zen hemen, Argentinan. Gero Kuban Ana González Gerra doktorea entzuteko aukera izan nuen, medikuntza osagarri eta humanistikoak ikasten ari nintzenean. Apiterapiara efizientziagatik pasatzea berez etorri zen.

   Zertan aldatu da apiterapia zu hasi zinenetik gaur egunera bitartean?

   Kontuz ibili behar dut galdera hau erantzutean, harroputz ezjakin baten itxura eman dezaket eta. Argentinan apiterapian dagoen guztia ez dut ezagutzen. Baina bai esango dizut zabalkundea eman diodala, mistizismozko distira kendu diodala. Horretarako egin ditut aipatu dituzun liburuak, argitalpen elektronikoak eta grafikoak, hitzaldiak: ezaguna izan dadin eta erlezainek ikas dezaten produktua ateratzeko unean ez hondatzen. Apikulturaren propagandista izan naiz.

   Nolako harremana duzu inguruko mediku alopatekin? Hemen artatzen gaituzten mediku gehienek ez dakite ia deus apiterapiaz...

   Nire herrian oso mediku gutxi daude eta sistema estatalean daude, etengabe ari dira aldatzen. Beren buruak ez dituzte bertakotzat eta niri bidaltzen dizkidate edo sendaezinak edo gogaikarri egiten zaizkienak. Ia ez dugu elkar ezagutzen mediku horiek eta nik. Beste leku batzuetan kolegek eta mediku taldeek arbuiatu egiten gaituzte, "petrikiloak" baino okerragotzat gauzkate (nahiz eta unibertsitatean haien burkide izan garen), beren ezjakintasunarekin egiten dute lan eta inoiz ez dute eztabaida seriorik onartzen.

   Mediku horietako bakan batzuek (gero eta gehiagok) beren familietakoak bidaltzen dizkigute, eta onartzen hasi dira gizakiak era integralean artatu behar direla. Unibertsitatean ikasi duelako medikuari sinestarazten zaio errealitatea unibertsitatean ikusten dena bakarrik dela. "Unibertsitateak gauzok erakusten ez baditu, ez dira existitzen" sinesten dute. Horregatik ez dakite zer gertatzen den beste terapiekin eta gero gaixoen aurrean oso gaizki geratzen dira.

   Orain hemengo farmazietan publizitatea egiten zaie propoli+erregina-jelea+eztiz egindako produktuei, adibidez. Multinazionalek berenganatuko ote dute apiterapia ere?

   Ez dakit gauzak hor zehazki nola egongo diren, baina pentsatzen dut hemengoen antzera samar izango direla. Aspalditik daude botikak apiterapiako osagaiak dituztenak. Bat ezagutzen dut polenez egina, eta lau aldiz garestiago saltzen dute polenaren estraktu biologikoa dela esanez. Eztia botika askotan egoten da eta propolia ari da bere lekua hartzen, erregina-jelea liofilizatua ere bai (horrelako nahasketetan efikazia txikiagoa eduki arren). Baina pixka bat besterik ez dute erabili nahi, ez dadila gehiegi zabaldu jendearen artean; korrontearen kontra ez egon eta aldi berean "bezeroak" ez galdu. Ez ahaztu konpainia handiek apiterapian ezin dutela patenterik eduki eta ondorioz ezin dutela prezioa igo. Beste landare-estraktu askorekin gauza bera gertatzen da: botiketan sartuz doaz -ukatu arren- ezin direlako bazterrean gelditu.

   Aktualitateko kontu bat: hegaztien gripea, gainean omen duguna. Apiterapeutak badauka aholku bereziren bat?

   Gripea harrapatzeko, izaki bizidunen -tartean gizakion- beste edozein gaitz bezala, pertsonak behar ditu: batetik berezko joera eta bestetik defentsak baxu edukitzea. Horretarako joerarik ez duena ez da gaixotuko ezta defentsak apal edukita ere. Joera daukana berriz, gaixotu egingo da, arinki bederen, baita defentsak indar betean eduki arren ere. Hein batean, kontua da genetikan suertea izatea, janarietan kontuz ibiltzea eta bizimodu sanoa edukitzea. Gripearen aurrean, erlauntzak eskaintzen dizkigu propolia eta pozoia. Propolia antibirala da, baina gainera defentsak indartu eta soina garbitzen ditu. Erlearen pozoiak defentsa sendotu eta bere ezaugarri fisiko-kimikoekin zuzenean eragiten die birusei, hauek ezin diote aurre egin. Pozoia izango litzateke azken arma, eta onena oraindanik propolia hartzen hastea da.

   Galdera gaizto bat. Erlezainek beren erleen gaitzak -barroa eta lokea, adibidez- antibiotikoekin borrokatzen dituzte. Hau kontraesanean dagoela dirudi propoliak dauzkan dohain antibiotikoekin. Zuk horretaz esaten duzu zerbait zure liburuan.

   

   Zure idatzietan Fidel Castro eta Hugo Chávez defenditzen dituzu, eta Argentinako agintariak jipoitzen. Nola bizi zarete San Luisen eta Argentinan?

   Egia esan, gauzak hobetuko diren esperantza handirik ez daukat. Errealista izan beharra daukat, ez dut lortzen nire burua engainatzea. Gauzak jakinarazteak eta batez ere ezagutarazteak zerbait hobe lezake, suntsipena mantsoago gerta dadin. Baina ezin dut geldiarazi deforestazioa, bertako espezieak desagertzea, gobernuek bultzatzen dute-eta politika hori. Egin dezakedana da -eta hala egiten dut- bertako landare eta zuhaitzak sortzea, gero horiek ahal den lekuan landatu ditzaten. Eremu zabaletan milaka hektarea birlandatzea ez dut lortuko agian, baina parke, plaza eta eskoletan nire bilobek ikusi ahal izango dituzte gizakiaren eskuak suntsitu zituen espezieak. Patua engainatzen dudala sinesteko modu ironikoa da.

Julio César Díaz doktorea erlezaintza eta apiterapia mailan aditu ezagunenetakoa da. Arlo horretako aldizkari eta gune elektronikoetan sarri argitaratzen ditu artikuluak, bere hitzaldiak entzun dituzte Argentinaz aparte Uruguai, Kolonbia, Kuba eta beste hainbat herrialdetan. Joan den udan Madrilen egindako Apiterapiako mundu biltzarrean izan zen, eta Apiterapia alkoholismoan aplikatuta hitzaldiak goraipamenak jaso zituen. Apiterapia Hoy liburuaren lehen edizioan medikuntza atal honen aurkezpen orokorraz gain Argentina eta Kubako esperientzien berri ematen zuen. Bigarren edizioan Uruguai eta Kolonbiakoak erantsi zizkion, beti ere herrialde horietako mediku ezagunen idazlanekin. ARGIAk euskaraz publikatu duen Erlea gure sendagile liburuak biltzen ditu horren atal nagusiak. Idazten bazaio epumerinfovia.ar helbidera, azkar eta zorrotz erantzuten du.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan