Dozenaka lagun bildu da Gasteizen Zaballako makro-espetxean gertatu den azken heriotza salatzeko, Arabako Salhaketak deituta. Espainiako Espetxe Zuzendaritza, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren ardura azpimarratu ditu espetxeen aurkako elkarteak.
Hamabost eguneko epean bigarren aldiz egin da Gasteizen Zaballako espetxean preso bat hil dela salatzeko kontzentrazioa. Laugarren aldiz 2019an, bederatzigarren aldiz 2019tik... Iragan astean ziegan hilik aurkitu zuten presoa 35 urteko gasteiztarra zen. Astearte eguerdiko kontzentrazioa Salhaketak deitu dituenen artean jendetsuena izan da akaso, 150 bat lagun inguru batu dira, elkartearen esanetan.
Zigorgabetasun zirkulua
Zaballako makro-espetxean egoera “oso-oso kezkagarria” dela adierazi dio ARGIAri Salhaketako kide Julen Guaresti Etxebarriak. Azken urteotako heriotza kopuru altua hainbaten “arduragabekeria” azaltzen du, Guarestiren esanetan: Espainiako Espetxe Zuzendaritza Nagusiarena, Osakidetzarena, eta Eusko Jaurlaritzarena –presoen osasun arreta Osakidetzaren eskumena da EAEko kartzeletan–. Jarrera horrek “zigorgabetasun zirkulu bat” eraikitzen du espetxearen inguruan, heriotzak ezkutatuz. “Ezin da horrelakorik onartu”, esan du Guarestik.
Denis Itxasori erantzuna
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok astelehenean egin zituen adierazpenak izan ditu hizpide Guarestik. Heriotza kopuru handiaz galdetuta, Itxasok esan zuen heriotza bakar bat ere espetxe sistemaren “porrota” dela, baina azpimarratuz presoen gehiengoak buruko gaixotasunak edota droga menpekotasunak dituztela. Espetxea ez dela errekurtso soziosanitarioa, eta hortaz pertsona horiek ez luketela espetxean preso egon behar salatu du Guarestik: “Presoak, presoak baino lehenago, pertsonak dira. Askatasun gabetzea salbu, eskubide guztien jabe dira”.