argia.eus
INPRIMATU
Kurduen gose grebak 62. eguna bete du preso politikoak direla aldarrikatuz
  • Gose greban dira 10.000 preso kurdu baino gehiago, eta protesta hasi zuten ehun inguruek 62. eguna bete dute asteartean. Irlanda Iparraldeko gose grebalarien sinbolo den Bobby Sands 66 egunen buruan hil zen, eta batzuek kezka agertu dute lehen heriotzak aste honetan gerta ote litezkeen. Egoera larria dela salatu du Amnesty Internationalek, besteak beste. Nazioartean protesta ugari egiten ari dira egunotan, eta atzo Bilbon Askapenak deituta kontzentrazioa egin zuten.

2012ko azaroaren 13a
Gose grebalarien aldeko manifestazio bat Kurdistanen.

Datu zehatzak jakitea zaila den arren, zenbait webgune kurdutan adierazi dute irailaren 12an 65 presok hasi zutela gose greba, eta horri pixkana beste kartzelatako PKKko eta PAJKeko militanteak gehitu zitzaizkiola. Azaroaren 5ean, 683 preso politikok gose greban 55 egun bete zituztenean, 10.000 preso politiko gehiago batu ziren grebara. BDP alderdi kurduko sei legebiltzarkidek eta Amed hiriburuko alkateak ere bat egin dute baraualdiarekin.

Gose grebarekin amaierara arte jarraitzeko asmoa erakutsi dute presoek. Horren adibide dira, Hevallo izeneko blogean, gose grebalariek helarazitako gutunak. Ingelesera itzulita argitaratzen dituzte eta bertan irakur daitezke ondorengo artikuluak, besteak beste: "Gertatzen dena gertatzen dela, ez dugu etsiko", "Esanahiz betetako bizitzarik politena, erresistentziazko bizitza da" eta "Gure bihotzek herriarekin egiten dute taupa".

Kanpaina berezia abiatu dute sarean ekintzaile kurduek. Twitterren #TwitterKurds edo #KurdishHungerForFreedom etiketak erabiltzen ari dira.

Gose grebaren arrazoiak:

Irailaren 12an Turkiako kartzelatan dauden preso kurduek preso politiko estatusa aldarrikatzeko baraualdia hasi zuten. Hiru eskari egiten dituzte:

1- PKK-ko buru den Abdullah Öcalanen isolamendu egoerarekin amaitzea.

2- Publikoki kurdueraz hitz egiteko eskubidea errespeta dezala Ankarako Gobernuak.

3- Ipar Kurdistan edo Turkiako Kurdistango gatazka politikoari irtenbidea emateko pausoak eman ditzala Turkiak.

Istiluak gose grebalariekiko elkartasun manifestazioetan

Turkiako poliziak gogor erantzun du gose grebalari kurduekiko elkartasun manifestazioen aurka. Reuters agentziak egindako bideo honetan ikus daiteke Turkiako polizia Ipar Kurdistango hiriburu den Amed edo Diyarbakirren jendea kolpatzen:

Informazio gehiago:

Kurdistan estaturik gabeko nazioa da. 40 milioi biztanle inguru dira eta Turkia, Siria, Iran, Armenia eta Iraken banatuta daude. Kurduera da euren hizkuntza: Iraken ofiziala da, Turkian ez da ofiziala eta eskoletan ezin dute irakatsi, Sirian debekatuta dago kurdueraz hitz egitea, eta Iranen ez dago baimenduta eskoletan irakastea. 1980ko hamarkadan PKK Kurdistango Langileen Alderdia sortu zuten, Turkiaren aurkako borroka armatua egiteko. 2012ko uztailetik bi aldeen arteko erasoek nabarmen egin dute gora.

Gune honetan egunez egun gose grebaren jarraipena egiten ari dira, nazioarteko kontzentrazioetako argazkiak bilduz.