GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia da Prep botika. Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariaren arabera, farmazietan eskuratzeak itxaron-zerrendak gutxitu ditzake. Alabaina, arriskuez ere ohartarazi du.
GIB birus infekziosoa prebenitzeko alternatiba bat da Prep tratamendua. Infekzioa eragoztea du helburu eta horretarako, egunero hartu behar da. Momentuz soilik ospitaletan eskuratu daiteke, baina Espainiako Osasun Ministerioak iragarri du farmazietan eskuragarri jarri nahi duela. Egun, Hego Euskal Herrian, soilik sei ospitaletan hartu daiteke: Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko, Donostiako Ospitaleko, Mendaroko Ospitaleko (Gipuzkoa) eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko STI (sexu-transmisiozko infekzio) zentroetan, Nafarroako Unibertsitateko Ospitalean eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalean (Nafarroa). Oraindik ez dago argi zer-nolako neurriak hartuko dituzten Osakidetzak eta Osasunbideak.
LGTBIAQ+ eskubideen aldeko Bilboko elkarte bat da Anitzak, eta Alfonso Setiey elkarteko lehendakariaren arabera, ospitaletako ordutegiak “oso mugatuak” dira, horrek botika eskuratzeko irisgarritasuna “zailtzen” du: “Farmazietan eskuragarri egotea lagungarria izan daiteke itxaron-zerrendak gutxitzeko”. Horrez gain, ezagutzera emateko eta naturalizatzeko baliagarria ere izan daitekeela dio: “Oso jende gutxik ezagutzen du Prep-a. Gela apartatu eta ilun batera joan beharrean, ibuprofenoa bezala farmazian eskatu ahal izateak agian estigma kenduko dio”.
Hala ere, tentuz ibili beharra dagoela uste du, iruditzen zaio interes ekonomikoak egon daitezkeela: “Galdera da ea aldaketa honekin administrazioak dirua aurreztuko duen edo ez. Agian begiratzen ari gara gehiago administrazioaren ekonomia, gure gizartearen osasuna baino. Azkenean, gizarteak ordainduko ditu kalteak”. Orain doakoa da botika, baina farmazietan eskuragarri jartzean, salbuespenak salbuespen, prezioaren zati bat erosleak ordainduko du. Ez dago argi ordaindu beharreko kopurua zenbat izanen den. Setieyren ustez, horrek atzera bota dezake: “Diru asko bada, batzuek agian ez dute hartu nahiko edo ezingo dute ordaindu”.
Botikak nahi gabeko ondorio gutxi dituen arren, kasu batzuetan denbora luzez hartuz gero, giltzurrunei eragin dakioke. Horregatik, medikuak botikaren tolerantziaren jarraipena egin behar du. Horrez gain, sexu bidezko infekzioen transmisioen, Chemsex-aren eta beste gauza askoren inguruko informazioa ematen dute. Chemsex-a zenbait ordu edo egunez sexu harremanak izateko drogak kontsumitzean datza. Egun, ospitaletan egiten dute jarraipena, baina Espainiako Osasun Ministerioak adierazi du lehen mailako arretatik bideratu nahi dutela. Erreportaje honetan landu zuen gaia ARGIAk.
"GIBaren aurka eraginkorra den arren, Prep botikak ez ditu sexu bidezko gainerako infekzioak saihesten"
Zentro espezializatuen premia
Setieyri iruditzen zaio lehen arretara bideratu beharrean, gaian adituak diren profesionalak behar direla: “Lehen mailako arretan tratatu dituzten pertsona askoren kexak jaso ditugu, Prep-a zer den ere ez dakitelako. Formatuta dauden espezialistak behar ditugu”. Bizkaiko jendearen kasuan, Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko STI zentroan artatzen dituzte denak. Nabarmendu du “oso arreta” ona jasotzen dutela: “Oso profesionalak dira, eta oso ondo egiten dute lan. Baina itxaron-zerrenda luzeak daude, lanez gainezka daudelako”.
Horregatik, azpimarratu du ospitaletako zerbitzua indartu beharko litzatekeela: “Zentro gehiago behar ditugu, ez da posible Bizkaia osoa artatzeko leku bakarra egotea”. Iruditzen zaio jendea farmaziara bideratzeak tratamenduaren jarraikortasuna arriskuan jarri dezakeela: “Ikusita zentro espezializatuak txarto daudela, lehen mailako arreta gehiago saturatzearen beldur gara”.
GIBaren aurka eraginkorra den arren, Prep botikak ez ditu sexu bidezko gainerako infekzioak saihesten. Horregatik, Setieyk dio heziketa sexuala zabalagoa izan behar dela: “Asko zentratu dira haurdunaldian, baina beste gauza asko daude”. Gaineratu du LGTBIAQ+ komunitatearengan “pisu handia” jartzen dela, baina edonork izan dezakeela infekzio edo birus bat: “Ligatzeko Grinder bezalako aplikazioetan, Prep-a hartzen ari al zaren jartzen da, eta hori bada ea babesten ari zaren ala ez jakiteko modua, nolabait. Egia da norberaren esku dagoela jartzea eta botika egoki hartzea. Harreman heterosexualetan ez da horrelako neurririk hartzen. Ez zaie ezta galdetzea okurritzen”.