Pandemiak gogorren kaltetu dituenen artean daude behar bereziko ikasleak. Konfinamendu garaian ohartarazi zigun Lorea Gisasola hezitzaileak: “Ikastetxeak berriz zabaltzen dituztenean ikusiko dugu, premia bereziko ikasleei bideratzen zaizkien baliabideetan, administrazioarentzat ea benetan garrantzitsuak diren ikasle hauek, ala ez”. Bada, badugu erantzuna: Jaurlaritzak esan du ez duela baliabide material eta pertsonal gehigarririk bideratuko ikasle hauen beharrak –pandemiak areagotu dituenak– asetzeko.
"Egoera onartezina da"
“Heziketa bereziko kolektiboarentzat ez da egin dauden beharren inolako diagnostikorik eta gainontzeko langile kolektiboetan ez bezala, pandemia egoerari lotutako Covid errefortzurik ez dela egingo adierazi digute. Egoera onartezina da, noiz eta ikasleek izan ditzaketen hezkuntza prozesuetarako beharrak areagotu direnean. Argi esan dute: arlo honi dagokionean ikastetxeetan ez da baliabide material eta pertsonal gehigarririk izango”, salatu du LAB sindikatuak, ohar bidez.
Izan ere, mobilizazioen ostean, astearte honetan izan dute lehenengo mahai espezifikoa sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Heziketa berezia izan dute mintzagai, eta arlo honetarako administrazioak aurrez agindu zituen langileen kontratu gehigarriak ez direla egongo adierazi du orain, “inolako lotsarik gabe”, LABen hitzetan.
Hezkuntza Saila adarra jotzen ari zaiela salatu du sindikatuak, negoziaziorako borondaterik ez duela eta aurretiaz negoziatuta zituzten edukiak atzera botatzen ari dela argudiatuta. “Mobilizazioekin jarraitzea besterik ez daukagu”, iragarri dute.