Alarma egoeraren aitzakian egunotan herritarrok polizia-indarkeria bereziki nozitzen ari garela-eta, gehiegikeria horren aurrean ditugun eskubideak ezagutzeko eta nola jokatu jakiteko argibideak eman ditu LAB sindikatuak.
Legearen arabera zer egin dezakegun xehetasunez azaltzen du gidak, poliziak kontuak eskatzen dizkigunean zer erantzun jakiteko. Izan ere, agenteak “legea aplikatu baino, euren boterea arbitrarioki aplikatzen dihardute, kalean ikusten duten edonor susmagarri eta delitugiletzat hartuta, alarma egoera honek horretarako ahalmena emango balie bezala”.
Nora eta nola mugitu gaitezke? Hitz egin dezakegu kalean?
Nora mugitu gaitezkeen, noiz atera gaitezkeen kalera lagunduta, nola identifikatu behar dugun gure burua, lanera joateko ziurtagiria eramatea derrigorrezkoa al den, jendearekin hitz egin al dezakegun kalean, poliziaren galdeketari nola erantzun, zigortzen bagaituzte zer egin… azaltzen du gidak.
Bukaeran, Askatasun Kolektiboetarako Abokatuen (AKAB) kontaktua utzi dute, laguntza juridikoa behar izanez gero baliatzeko.