argia.eus
INPRIMATU
Petronorren ekaineko isuria: toxikoa ez, baina osasunarentzat kaltegarria
  • Ekainaren 21ean Petronor findegiak isuritako hauts beltz batez estalita esnatu zen Muskiz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak landutako txostenaren arabera, isuria ez zen toxikoa izan, baina mota horretako gertakariek bizilagunentzat beste ondorio batzuk izan ditzaketela aipatzen du, antsietatea, adibidez.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 29a
Muskizeko Petronor findegia

Txostenak honela dio: “Mota horretako gertakariek ezinegona eta larritasuna eragiten dute. Horrek jendearen osasunean eragin negatiboa izan dezake, aldi oro kezkatuta egoteak antsietatea eragin dezakeelako”.

EH Bildu talde parlamentarioak Muskizko gertakaria ikertzea eskatu zuen. Osasun Sailaren txostena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Eusko Legebiltzarrari helarazitako dokumentazioaren parte da.

Osasun Sailak txostenean Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari gomendatu dio neurriak hartzea halakorik berriro gerta ez dadin. Hala ere, 15 egun pasa eta gero Sailak Legebiltzarrari jakinarazi zion Petronorrek ez zituela eskatutako dokumentazioa bidali, neurriak hartu behar diren ala ez erabaki ahal izateko.

Ingurumen Sailaren arabera, Petronorrek “eskura dituzten teknika hoberenak” erabiltzen ditu ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko. Hala ere, horiek hobetu daitezkeela ere onartu du, eta findegia horretan lanean ari dela jakinarazi du.

Nork deitu zuen lehen?

Osasun Sailaren txostenak jasotzen duenez SOS-Deiakek Osasun Publikoko teknikariari deitu zion Muskizko gertakariaren berri emanez. Geroago Petronorrek jakinarazi zuen goizeko lauetan izan zuela isuriaren berri. EH Bilduren arabera, nork deitu zuen lehen jakitea garrantzitsua da, enpresaren ardura baita gertatutakoaren abisua ematea.   

Beste isuri bat hamar egun eta gero

Uztailaren 2an Petronor findegian beste hauts isuri bat gertatu zen, eta Abanton eragin zuen. Gallartan eta Las Carrerasen hainbat auto hauts gris batez estalita agertu ziren.